Hainbat emakume hurbildu dira udalbatzarrera, bere desadostasuna adierazteko. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Behin betiko onarpena eman diote gaur, legegintzaldiko azken udalbatzarrean, Berdintasunerako Kontseilu Sektorialaren Araudiari. Desadostasuna sortu du gaiak, araudi berriarekin, emakumeek ez ezik, gizonek ere izango baitute kontseiluan parte hartzeko aukera. Oposizioak bultzatu du aldaketa, udal gobernuaren eta kontseiluan lanean ari diren eragileen iritziaren kontra. Hain zuzen ere, hainbat emakume bildu dira udalbatzarrean, euren haserrea adierazteko.
Berdintasunerako Kontseilu Sektoriala 1997an sortu zuten, eta 2008an onartu zituzten azken berrikuntzak. Orduz geroztik, “emakumez osatutako erakunde foro bakarra” izan dela gogoratu du Berdintasun zinegotzi Naiara Sampedrok, “eta udal kontseilu guztien artean eredu izan da”. Hala, oposizioak hartutako erabakiarekin kontseilua “deuseztatuko” dutela oharatarazi du Sampedrok: “Desagertzeko arriskuan dago”. Berdintasun zinegotziak ez du arazorik ikusten kontseilu misto bat sortzeko berdintasun arloko gaiak jorratzeko, baina dagoenari “lan egiten uzteko” eskatu du. “Emakumeek lortutako espazio legitimoaren deuseztatzearen aurrean gaude”, erantsi du Sampedrok.
Udalbatzarrean bildutako emakumeek hainbat eragileren izenean egin dute protesta: Plazandreok, Asade, Medeak, Bilgune Feminista, Arrats, Intxaurrondo Berri, Lagunak, Lilaton, Asociacion de Mujeres Separadas, Farapi, Dandai, Calcuta Ondoan, La Liga de La Leche, Erne sindikatua, Gehitu eta Mujer y Ciudad Foroa, besteak beste.
Gaur egun kontseiluan 21 elkarte ordezkatuta daude, hiru sindikatu eta 11 norbanakorekin batera. Oposizioko alderdi politikoek ere ordezkariak dituzte, baina, kontseiluko kide Eugenia Pardoren arabera, ez dira inoiz azaldu: “Alderdi guztietako ordezkariekin jarri gara harremanetan, eta berdintasun planak aurkezteko eskatu diegu, baina ez dugu erantzunik jaso. Kontseiluan ordezkaritzak dituzte, eta, hilero biltzen garen arren, bertara ez da inoiz inor azaltzen, ez gizon, ez emakume”.
Oposizioko alderdiek udalbatzan duten gehiengoa ordenantza aldatzeko erabili dutela salatu du: “Ahoa betetzen zaie parekidetasunaz hitz eginez, baina emakumeen egoera sozial, ekonomiko eta kulturalak, gizonezkoen parekoak izan arte, emakumeok biltzen jarraitzeko eskubidea dugu”.
Oposizioko alderdietako kideek hartu dute hitza bozketaren ondoren, gizonen presentzia kontseiluan defendatzeko. EAJko zinegotzi Aitziber San Romanek esan du berdintasuna ez dela bermatzen “biztanlegoaren erdia” baztertzen: “Gizonak kontseilutik baztertzea, hezkuntzan ikasleak sexuaren arabera banatzea bezalakoa litzateke”.
PPko zinegotzi Itziar Aguilera de Juanak adierazi du “partaidetza demokratikoa” bermatzeko guztiek egon behar dutela presente, emakumeen zein gizonek: “Gizona ere inplikatu behar da berdintasunaren arloan”. PSE-EEko zinegotzi Susana Garcia Chuecak, berriz, Sampedroren hitzak gogor kritikatu ditu: “Planteatu duen apokalipsia gezurra da”.