Nestor Basterretxearen hileta zibila, Zorroaga elizan. (Argazkia: Oarsobidasoko Hitza)
Udal Gobernuak Zorroagako elizaren erabilerak handitu eta espreski hileta zibilak egiteko aukera proposatu zuen Zorroagako Patronatuaren azkeneko bileran. Proposamena Zorroagako Patronatuaren barruan eztabaidatuko da, maiatzaren 4an egingo den bileran. Orain arte ezkontzak eta erlijiozko eta kultur ekitaldiak egin dira Zorroagako elizan. Iaz, ordea, Nestor Basterretxearen agur zibila bertan egin zen, eta Bilduk egokitzat jo du elizaren erabilera handitzea eta eliza gehiagotan erabiltzea.
Herritarrei eta ehorztetxeei aukera honen berri ematea ere proposatuko dute. Jon Albizu Ongizateko zinegotzi eta Zorroagako presidenteordeak adierazi du: “ikusiko dugu zein den oposizioko taldeek hartzen duten posizioa, azkeneko Batzordean gaia mahai gainean gelditzea erabaki eta gero”. Proposamena babestea espero du Albizuk: “Herritarrek gero eta gehiago eskatzen duten zerbitzu bati erantzuna emango liokeelako eta espazio honen erabilera handituko lukeelako”.
Zorroagako enpresa komiteak ohar bat iragarri du publikoki Zorroagako elizaren erabilera handitu eta hauen artean hileta zibilak egiteko aukeraren alde.