Udal Gobernuaren proposamenak uholdeen aurkako neurriak ditu.
Antzietan garraiobidea hobetu eta etxebizitzak eraiki nahi dituzte. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Txomin Enean obrak egiteko planaren lehen fasearen zati bat aurkeztu gaur Hirigintzako zinegotzi Ricardo Burutaranek. Zinegotziak azaldu duenez, udalaren tokiko gobernu-batzarrak Antzietako Plan Bereziari hasierako onarpena emango dio ostiral honetan, eta Martuteneko espetxearen eta auzoaren artean kokatutako aldea hobetzeko lehen urratsa izango da. Burutaranek adierazi duenez, dokumentuaren hasierako onespena eginda, Urumearen ibaiertz osoa martxan egongo da eta, besteak beste, uholdeen aurrean eremu segurua izango da.
Zinegotziaren esanetan, gobernu-batzarrak agiria onartuko du eta jendaurrean jartzeko aldiaren ostean berriro onetsi beharko du, ondoren udalbatzaren onespena jasotzeko: “Urumearen ingurunea hobetzeko beste urrats bat da, eta iraganaren eta geroaren arteko mugarria egongo da legegintzaldi honen ostean, behar zuen eraldaketarako urrats handiak eman baitira”.
Asko dira eremuan egingo dituzte hobekuntzak, eta besteak beste, 471 etxebizitza eraikiko dutzte; horietatik, 188 babes ofizialekoak izango dira eta tasaturik ez dela egongo adierazi du zinegotziak: “Udalarenak diren etxe guztiak alokairukoak izatea da gure helburua”. Horrela, Txomin-Eneako etxebizitzen ereduari jarraituta, iparraldeko etxebizitzek sei solairu, atikoa eta sotoa izango dituzte (babes ofizialeko etxebizitzek solairu bat gehiago izango dute); hegoaldekoek, berriz, 4 solairu eta atikoa izango dituzte inguruan dauden etxebizitzekin bat etor daitezen.
Eremu atseginak sortzen laguntzen duen diseinua landu dute Burutaranen esanetan, eta horretarako, errepidearen bi alboetan tertziarioko zazpi solairuko eraikin bana egitea aurreikusi dute (6 solairu gehi altuera bikoitzeko beheko solairu bat), hesi akustikoa osa dezaten, ibilgailuen zarata minimizatuz. Proiektu horretarako beira akustikoa erabiliko dute. Gainera, Antzieta pasealekuaren ondoko BOEko blokean, solairu bat gehiago duen horretan, halaber, aldapan zuhaitzak ipintzea aurreikusi dute, bidetik datozen zaratak arintzeko.
Horrekin batera, eremu horretako bi aldeetan zuhaitzak dituzten barneko plazak egongo dira eraikinetan. Hegoaldeko blokeetan «L» formarekin proiektatu dira eraikita dagoen ingurunean txerta daitezen. Bestalde, errepidea 30 eremua izango da, eta bateriako aparkatzeko tokiak egongo dira eraikinen eta aparkalekuen inguruan; azken horien sarbidea, orobat, eraikinen kanpotik egingo da eta ez plazetatik.
Bidegorria, errepideak eta arrauna
Ricardo Burutaran Hirigintza zinegotziak aurkeztu du proiektua. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Burutaranek azaldu duenez, 27 industrialderako errepideak bitan zatikatzen du Antzietako ingurunea. Bertan, bidegorria egitea proiektatu dute Txomin-Enea eta Martutene lotzeko; bi ibilbide izango ditu, bata zuzena, eta bestea luzeagoa bizikletaz egin nahi duten pertsonentzat pentsatuta: “Planoan ikusi daitekeen moduan, diseinuak gitarra itxura hartzen du; horrela, 27 Poligonora sarbidea hobetuko da eta Martutenetik doazenek ez dute Antzieta Pasealekuko biribilgunetik pasa beharko”.
Burutaranek azaldu duenez, Ibaiaren aldean udal-ekipamenduko bi eremu eraikiko dituzte, biak arraun-jarduerari lotuta, eta ekipamendu pribatuko beste bi eremu gehiago ezartzea aurreikusi dute: “Alde hori berroneratzeak Txomin-Eneako ibai-parkeari jarraipena ematea ekarriko du, eta horren ondorioz, uholdeen aurreko neurriak sendotuko ditu”. Arraunari lotutako ekipamenduen eremuak lur arrasetik gora 3192 metro karratu izango ditu eta lur arrasetik behera 3596 metro karratu. Lursailak guztira 4925 metro karratu izango ditu.