Anoeta Kiroldegiak obrak lizitatuko ditu, eta finantzazioari aurre egiteko prestutasuna azaldu du Realak ; datorren denboraldia amaitu ondoren ekin nahi diote birmoldatzeari
Anoeta estadioa. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Anoetako lehiaketa bertan behera uzten zuen helegitea onartu zuen Kontratuko Helegiteen Administrazio Organoak (OARC) otsailean, baldintzetan «irregulartasunak» zeudela argudiatuta. Ordutik, Donostiako Udala proiektua aurrera eramateko irtenbide bat bilatzen saiatu da, eta herenegun Juan Karlos Izagirre alkateak, Hirigintza zinegotzi Ricardo Burutaran eta Kirol zinegotzi Josu Ruizekin batera, erabakiaren berri eman zieten hedabideei.
Azaldu zutenez, Anoeta Kiroldegiak Anoeta estadioa eta estadio txikia berritzeko lanak lizitatuko ditu, eta, behar izanez gero, Plan Berezi bat onartu beharko litzateke. «Realak bere prestutasuna azaldu du obra honen finantziazioari aurre egiteko, eta lanak 2016ko maiatzean hastea aurreikusten dugu, 2015-2016 denboraldia amaitu ondoren», adierazi zuen Izagirrek.
Realarekin ez ezik, alderdi politikoekin ere adostasuna lortu dutela esan zuen.
Hortaz, berrikuntza lana Realarekin estadioa erabili eta ustiatzeko indarrean dagoen hitzarmenaren baitan egingo dute, «beti ere hasieratik jartzen genituen baldintzekin»: hiriarentzako ona izatea, estadioa eta bere ingurua berrituz; udalak dirurik ez jarri behar izatea; eta jabetza %100 publikoa izatea. Realak lanak finantzatzeaz gain, Anoeta Kiroldegiari Realak berak landutako proiektua eta dokumentazio guztia eskuragarri utziko dio.
Bilera, datorren astean
Anoeta Kiroldegiak datorren astean bilera bat egingo du. Bertan udal taldeek, Anoeta Kiroldegiko zuzendaritzak eta Realak osatuko duten Jarraipenerako Batzorde Mistoa eratuko dute, eta zehaztazun gehiago emango dituzte.
Batzordeak berak ezarriko du lanak finantzatzeko modua, baina Realak udalari aurreratu dio konponketa handietarako egungo hitzarmenak ezartzen duen %25eko ekarpena egiteko asmoa. Gainontzeko kopurua finantzatzeko moduak ere Realak berak bilatuko ditu.