2016an egingo duten inaugurazio ekitaldia prestatuko dute larunbatean, 17:00etan, Anoeta estadioan; 5.000 musikari eta dantzari bilduko dituzte
Larunbateko entseguaren berri asteartean eman zuten, Easo kaleko 2016 gunean. (Argazkia: L.Ferreira)
Emusik jaialdiak Europako 10.000 musikari gazte baino gehiago bilduko ditu, 2016ko maiatzean. Euskal Herriko beste ikasleekin batera kontzertuak eskaintzeaz gain, hiru egunetan zehar eurekin bizitzeko aukera ere izango dute. Jaialdiari hasiera emateko, inaugurazio ekitaldi bat egingo dute, Anoeta estadioan. Bada, Anoetan bertan, 17:00etan, ekitaldi horren entsegua egingo dute larunbatean, 5.000 musikari eta dantzarien parte hartzearekin.
Halaxe azaldu zuten asteartean Donostia 2016ko zuzendari Pablo Berastegik, Donostiako Udaleko Gazteria zinegotzi Naiara Sampedrok, Musika eta Dantza Eskolako zuzendari Mikel Matek, ikuskizunaren zuzendari artistiko Olatz Beobidek eta Errenteriako Udaleko alkate Julen Mendozak. «Emusik jaialdi berritzaile bat da, esperimentaziotik lan egiten duena; eta, horretarako, laborategi moduko batzuk ditugu. Horietako batek kontzertu baten itxura izango du, larunbaterako prestatu duguna, hain justu», azaldu du Berastegik.
Honela, 2016an ospatuko duten jaialdiko inaugurazioa nolakoa izango den ikusiko dute larunbatean, ekitaldiaren baitan dauden elementu guztiak frogatuz. Inaugurazio ekitaldirako prest egon nahi dute, eta modu honetan, espazioaren logistika ikusi ahal izango dute, besteak beste. Gainera, ekitaldia amaitzean, ebaluazio galdetegiak ere banatuko dituzte, bertaratzen direnek euren iritziak, hobekuntzak edota aldaketak proposa ditzaten.
Europaren Egunaren harira –maiatzaren 9–, dantzari talde batez lagundutako 5.000 musikaritik gora arituko dira larunbatean Anoeta estadioan, Juan Jose Oconen zuzendaritzapean eta Olatz Beobideren koordinazio artistikoaren laguntzarekin.
Lau abesti
17:00etan arituko dira, eta ordubetez lau abesti joko dituzte:
San Sebastian Martxa (Raimundo Sarriegi),
Txantxon Piperri (Buenaventura Zapirain),
Europako Ereserkia eta jaialdiaren abesti ofiziala den
Musikatu bizitza kanta. Horietaz gain,
Agurra ere abestuko dute, modu parte hartzaile batean, txistulari, trikitilari eta dantzarien laguntzarekin.
Entseguan parte hartzeko interesa duen herritar orok crowdfunding bidez gonbidapen bat lortu ahal izango du. Bost euroko ekarpenarekin, pertsona bakoitzak gonbidapen bat eskuratuko du, Fnac dendan,
sarean edota Anoeta estadioan bertan, 15:00etatik 17:00etara bitarte. Publikoak emanaldian parte hartu eta integratzeko, ekitaldian abestuko diren lau abestien hitzak eta koreografiak ikasteko azalpenak eskuragarri izango dituzte
Musika eta Dantza Eskolaren webgunean.
Emusik Europako Musikari Gazteen Jaialdia da, eta Donostian izango da 12. ekitaldia, 2016ko maiatzaren 5etik 8ra. Jaialdiak, Donostia Europako Kultur Hiriburu izango dela hizpide hartuta, Europa eta Euskal Herriko 20.000 musikari gazte baino gehiago bilduko ditu hirian, eta horiek 400 kontzertutik gora eskainiko dituzte hiru egunetan.