Aurreko urteetan ere Bagerak egin ditu mahainguruak. (Argazkia: Kattalin Miner)
Hauteskunde kanpaina hasi da dagoeneko, eta datorren astean Bagera Elkarteak hainbat alderdietako ordezkariak bilduko ditu mahai inguruan, euskararentzat bakoitzak dituen ideiak eta proposamenak herritarrei zabaldu, eta galderei erantzuteko. Horrela, datorren astelehenean, maiatzaren 11, Koldo Mitxelena Kulturgunean bilduko dira ordezkariak. Mahai ingurua 19:00etan hasiko da, eta donostiar guztientzat irekia izango da.
Sei alderditako ordezkariak bilduko dira Koldo Mitxelenan: Josebe Iturrioz (Plaz!), Sabin Zubiri (Irabazi Donostia), Miren Azkarate (EAJ), Miren Albistur (PP), Duñike Agirrezabalaga (PSE-EE) eta Juan Karlos Izagirre (EH Bildu). Mahai inguruaren helburua Donostiako udalerako hizkuntza politikaren inguruan alderdi bakoitzak dituen asmoak azaltzea da, eta galderetarako tartea ere eskainiko dute.
Hiritarrei irekia
Bi orduko mahai ingurua antolatuko du Bagerak, eta abiatzeko galdera bakarra egingo diete denei: Zein da zure alderdiak datozen lau urteetan Donostian aurrera eramango duen hizkuntza politika?. Horrela, lehen ordubetean ordezkari bakoitzari euskararen inguruan zein hizkuntza politika babesten duten azaltzeko tartea eskainiko diote. Bakoitzak zorzi minutuko tartea izango du, eta soberan gelditutako minutuak azalpenak eman edo daturen bat gehitzeko erabiliko dituzte. Bigarren ordua berriz hiritarren txanda izango da, galderetarako tartea irekiko dutelako.
Duela lau urte prozesu berdina jarri zuen martxan Bagerak, eta orduan bezala, hizkuntza politikak betetzen ote diren aztertuko dute.