Mendiko triatloi proba bat antolatu du Fortuna Kirol Elkarteak
Arabako Uribarri Ganboako urtegian hasiko da lehia ta Oñatiko Arantzazuko Santutegian bukatuko da
Xterra Mundu mailako zirkuitu ezagunaren baitan egingo dute proba, ekainaren 21ean Euskadin. Zirkuituko proba nagusia Hawaiin egiten dute urtero, 1996tik. Kros Triatloiko Euskadiko txapelketa ere izango da Gipuzkoako proba, dagokion distantzian, eta gehienez 500 triatletak parte hartu ahal izango dute.
Igeriketa proba Arabako Uribarri Ganboako urtegian egingo dute, Landako Probintzia Parkean. Ondoren, parte-hartzaileek mendiko bizikleta edo BTTa hartuko dute eta Arantzazuko Santutegira abiatuko dira. Bidean, Elgeako mendilerroa eta Santutegi inguruko basoak zeharkatuko dituzte. Antolatzaileen arabera, zirkuitu gogorra da eta zati tekniko dezente ditu. Arantzazura heldu ostean, kirolariek mendiko zapatilak jantziko dituzte, eta Aloñako eta Aizkorriko mendilerroek osatzen duten zelaietara igoko dira. Urbiako baselizatik igarotakoan santutegira itzultzeko bidea hartuko dute, bertan amaituko baita proba.
Fortunarekin batera honakoek antolatu dute proba: Euskal Triatloi Federazioa, Debagoieneko Mankomunitatea, Eusko Jaurlaritzaren Turismo Saila, Arabako Foru Aldundia, eta beste erakunde batzuk eta tokiko elkarteak.
Probako parte-hartzaile gorena Ruben Ruzafa valentziarra izango da, XTERRAko egungo munduko txapelduna eta mendiko lasterketetako ziklista profesional ohia.
Bi distantziatan izena emateko aukera eskainiko dute, PRO adituentzat eta OPEN hasi berrientzat. Hiruko taldeetan izena emateko aukera ere emango dute. Izena emateko: www.xterraspain.com
Xterra Basque Country izeneko mendiko triatloi proba antolatu du Fortuna Kirol Elkarteak, lehen aldiz.