Atea Teatroak Intxaurrondon taularatuko du ‘Ekoetikopatetikobikoa’ lana, Poltsiko Antzerkiaren barruan ; jaialdia maiatzaren 24a arte egongo da aukeran

Atea Teatroa taldeko Anabel Arraiza eta Jabi Rodil. (Argazkia: E.Zabala)
Kultur Ekintza Zerbitzuaren bitartez, XXIV. Poltsiko Antzerki jaialdia antolatu du Donostia Kulturak. Maiatzaren 24a arte izango da, eta auzoetako tabernak bereziki antzoki bihurtuko dituzte. Ikuskizun guztietarako sarrera doakoa izango da.
Zehazki,
Ekoetikopatetikobikoa izeneko antzezlana eskainiko dute Anabel Arraiza eta Jabi Rodil aktoreek Poltsiko Antzerkiaren barnean; Alex Tellok sortu eta zuzendutako lana. Hain zuzen ere, Atea Teatroa izan da V. Poltsiko Antzerkia Sorkuntza lehiaketako irabazlea, eta horrela lortu du jaialdian sartzea. Irabazleek 4.000 euroko laguntza jaso dute proposatutako antzezlana garatzeko eta ekoizteko. Hala, jaialdiaren barruan estreinatuko dute lana, eta lau saio egingo dituzte. Estreinaldia ostiralean egingo dute, 20:00etan, Intxaurrondoko jatetxe mikrobiotikoan. Ze esatek! taldeko abeslarietako bat da Jabi Rodil. Beraz, ohitua dago jendaurrean aritzera: «Urteak neramatzan antzerkian ezer ere egin gabe, eta Alexek aukera hau eman zidanean asko poztu nintzen».
Batik bat ikuslego gazteari zuzendutako jaialdia da Poltsiko Antzerkia, baina herritar guztiei zabaldua dago. Aurtengo programazioari dagokionez, ikuskizunen aniztasuna nabarmendu dute antolatzaileek. Bakarrizketa, magia, umorea, musika, kante flamenkoa, zirkoa, bakarrizketa gehi abestiak… Finean, munduaren inguruko euren ikuspegiaren berri emango dute artistek, euren lanen bidez.
Euskarari garrantzia eman nahi izan diote. Guztira, 11 tabernatan 27 emanaldi izango dira jaialdian; horietatik 14 euskarazkoak.