Altzako kiroldegia lehentasun bihurtu nahi du EAJk
Hiria barrutietan banatzeko proposamena aldarrikatu du Eneko Goiak
Altzako kiroldegia izan da gaurko agertokia EAJrentzat. Eneko Goia Donostiako alkatetzarako hautagaia bertan bildu da bere alderdikideekin, eta auzoak bere agintaldian “lehentasuna” izango dela aldarrikatu du.
Goiak gogora ekarri du Altzakoa izan zela hiriko lehen kiroldegia, eta bertan inbertitzea beharrezkoa dela adierazi du: “Egungo azpiegiturak 30 urte baino gehiago ditu, eta egoera kaskarrean dago. EAJk bere lehentasunen artean kokatu du Altzako kiroldegia 2012an eta 2014an, aurrekontuak negoziatzeko orduan, auzotarren eskaera kiroldegi berria eraikitzea delako”.
Auzoetako bizi kalitatea hobetzeko helburua duela adierazi du Goiak, eta horretarako administrazioa deszentralizatzea beharrezkoa dela adierazi du, barrutiak sortuz: “Altza, Intxaurrondo eta Bidebietari zerbitzu emango dion Ekialdeko Barrutia tresna egokia izango da auzoetako eskaerak entzun eta erabakiak bizilagunen eskutik hartzeko”.
Goiaren esanetan, auzo bakoitzaren errealitate eta arazoak kontutan hartu dituzte, inor bide bazterrean gera ez dadin: “Hiri orekatuagoa nahi dugu eta auzo guztiek oinarrizko kalitatezko zerbitzuak izan dezaten egingo dugu lan”.