Ohorezko Mailako liga eskuratu du taldeak, eta udalaren omenaldiaren ostean, diputatuena etorri da
Iñigo Peña eta Bera Berako kideak, aldundiko arduradunekin batera. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Udalak atzo egin zuen moduan, gaurkoan Gipuzkoako Foru Aldundiak egin dio harrera Bera Bera Eskubaloiari, Iñigo Peña piraguista zumaiarrarekin batera. Izan ere, oraindik Ohorezko Mailako liga bukatzeko bi jardunaldi geratzen diren arren, dagoeneko ligako txapelduna da Bera Bera matematikoki, hirugarren urtez jarraian. Iñigo Peñak brontzezko domina eskuratu du Europako txapelketan, K4 modalitatean; eta joan den asteburuan bertan bigarren postua lortu du Portugaleko Munduko Kopan. Martin Garitano diputatu nagusiak eta Ikerne Badiola Kirol diputatuak hartu dute parte omenaldian, kirolariekin batera. “Zorionak Gipuzkoa osoaren izenean, lortutako arrakastengatik”, esan die Badiolak kirolariei. Azken batean, Gipuzkoako kirolaren indar eta gaitasunaren adierazle direla esan die Badiolak, eta Lucas Egibar Igeldoko riderra ere aipatu du, aurten lorpen garrantzitsuak egin dituzten kirolarien artean. Garitanok ere hitz onak baino ez ditu izan omenduentzat: “Zuek zarete historia honen protagonistak. Gipuzkoarentzat luxu bat da halako kirolariak izatea”.
Fernando Diez Bera Berako presidenteak ere hitza hartu du gaurko agerraldian: “Aldageletan badute orri bat jokalariek, ‘Gure buruarekiko leialak izan behar dugu
‘ dioena; eta hala behar du. Hirugarren liga irabazi dugu jarraian, eta guztiak zailak izan diren arren, aurtengoa oraindik ere zailagoa izan dela esango nuke. Gainera, azken txanpan erabaki zailak hartu behar izan ditugu “. Edonola, pozik agertu da Diez, bai hartutako erabakiekin, bai taldearen lanarekin eta bai omenaldiarekin ere.
Gaurkoan ere oparien elkartrukea egon da. Bai Bera Berak eta bai Iñigo Peñak margolan bana jaso dute opari, eta Bera Berak taldearen elastiko bat oparitu dio aldundiari.