Zubietako Herri Batzarra, 2011n, azken aldiz osatu zutenean. (Argazkia: Usurbileginez.com)
Udal hauteskundeekin batera, Zubietan Herri Batzar berria osatzeko bozketa egingo dute etzi, 9:00etatik aurrera, Alamandegin. Zubietan helbideratutako Donostiako hiru hautagaiak
Narciso Arrillaga,
Mikel Bengoetxea eta
Fernando Iturralde izango dira. Usurbilgo hiru hautagaiak, berriz, Aizpea Aizpurua, Itziar Basterrika eta Joxe Mari Zubimendi izango dira.
Sei herritarrek osatuko dute Zubietako Herri Batzarra, Zubietan helbideratuak dauden 3 donostiarrekin eta 3 usurbildarrekin. Horrenbestez, alde bakoitzetik hiru hautagai aurkeztu direnez, botoa eman aurretik jakina da zeintzuk osatuko duten batzarra. Izan ere, hautesleek nahiago dituzten bi hautagaiak aukeratu beharko dituzte –Donostian helbideratutakoek Donostiako hautagaiak eta Usurbilen erroldatutakoek Usurbilgoak–, eta boto gehien dituzten hiruak izango dira batzarkide. Lehen bi urteetan donostiarrek hautatutako alkatea egongo da bi urtez, eta ondorengo bi urteetan usurbildarrek hautatutakoa. Batzarra ekainaren 21ean eratuko dute.
1996. urteaz geroztik
1996an, Usurbilgo eta Donostiako Udalek beren Organoen Araudietan Zubietako Administrazio Organo Osagarria onartu zuten, lurraldearen ezaugarri bereziak kontutan hartuta. Zubietako Herri Batzarra sortu zuten horrela, ahalmen hauekin: Zubietako arazo zehatzei buruzko informazioa luzatzea Donostiako eta Usurbilgo udalei; udal zerbitzuak aholkatzea beraien gain jartzen dituzten gaietaz; Donostiako eta Usurbilgo udaletan, bai elkarrekin bai banandurik ere, aztertuak izango diren proposamen zehatzak egitea; azterketa eta proiektuei buruz udalek erabakiko dituzten akordioak beteak izan direla ziurtatzea; udalek Herri Batzarrari emango dizkieten fondoak kudeatzea eta haien kontu zuzena ematea, alegia, batzarraren eta auzoko zerbitzu publikoaren mantenimendurako eta bere gain jartzen dituzten ekintza eta obra txikietarako fondoak kudeatzea; eta Donostiako eta Usurbilgo udalek bere gain jartzen dituzten beste edozein ahalmen.