Beste bizimodu eredu batzuen alde lanean ari diren hainbat eragilek indarrak batu dituzte, eta alternatibak daudela erakutsiko dute asteburuan, Antiguan, Alternatiben Herrixkan.
Klima aldaketak eragindako larrialdi egoeraz ohartarazi nahi dute, eta, horren aurrean, transizio soziala, energetikoa eta ekologikoa lehenbailehen abiarazteko deia egingo dute. Antiguan agerraldia egin zuten asteartean, asteburuko jardueraren berri emateko.
Berrogeita hamar eragile inguru elkartu dira Alternatiben Herrixkan: Etxi gabe, Fracking Ez, Surfrider Fundazioa, Txantxarreka gaztetxea, OlatuKoop, Uliako Auzo Elkartea, AHTaren aurkako plataforma, Aingura kofradia, AntiguaOtarrak kontsumo taldea, Ekologistak Martxan, Ekoliderrak Sarea, Goiener, Fiare Bankua, Haritzalde, Kalapie, ELA eta LAB sindikatuak, Lurlan eta Me Cambio, besteak beste.
Bestelako gizarte modu bat lortzeko aukera badagoela erakutsi nahi dute, Piraten mugimenduko kide Sheila Padrones-en hitzetan: «Beste era batean bizitzeko ereduak badirela erakustea, erronkak sor dezakeen ezintasun eta desmobilizazioari aurre eginez, eta aukerak jendarte zoriontsuago eta gizatiarrago baten ekarle direla erakutsiko dugu».
Iker Huegun Ekoliderrak Sareko kideak azaldu du jai giroan eta musikan murgilduta egingo dutela Alternatiben Herrixka: «Ikasi, entzun eta alternatibak ezagutzeaz gain, festa giroan beste modu batean jan eta edateko aukera izango da».
Antiguan zergatik egingo duten ere azaldu du: «Antiguak badu berezko auzo izaera. Lan giro eta auzolan historia bat du, eta garrantzitsua iruditzen zitzaigun», adierazi du Huegunek. Alternatiben Herrixkak eragileen arteko sinergiak indartu eta elkar ezagutzeko balio izan duela azpimarratu du Huegunek: «Dena auzolanean egingo da, eta horixe da ekitaldiaren xarmarik handiena. Denok klima aldaketaren aurka ari gara elkarrekin». Emaus Gizarte Fundazioa eta Saretuz-eko kide Maider Sagredok erantsitakoaren arabera, «klima aldaketaren aurka zer egin daitekeen mahaigaineratu eta eztabaidatuko dugu».
Matia kalea, erdigune
Alternatiben Herrixka Egunaren egitaraua.
Alternatiben Herrixkaren Eguna bihar egingo dute. Hain zuzen ere, Matia kalea okupatuko dute klima aldaketaren aurka. Elizako plazan Donostiako Piratek bigarren eskuko merkatua egingo dute, 11:00etatik 19:00etara, arroparen berrerabiltzea sustatzeko.
Matia kaleko errepidean bertan –kalea guztiena dela aldarrikatu nahi dute– bi mahai-inguru egingo dituzte. Jaiak eta iraunkortasuna izango dituzte hizpide Donostiako Piratek, Euskal Herria Zuzenean jaialdiak, Eguzkizale konpartsak eta Gora Iruñea-k (13:00).
Ekonomia sozial eta eraldatzaileaz ariko dira ondoren OlatuKoop, Fiare, Emakumeen Etxeko Denbora Bankua eta Emaus Gizarte Fundazioa (17:00). Gaskonia plazan bizikleta konpontzen ikasteko gune bat jarriko dute, 11:30etik 13:30era. Leku berean bertako edariak salduko dituen txozna bat eta artisau azoka bat jarriko dituzte, 11:00etatik 19:00etara.
Txantxarrekan ere egun osoko egitaraua egingo dute, 11:00etan hasita. Mural bat margotuko dute, dokumentalak proiektatuko dituzte, 0 km ogitartekoak salduko dituzte –bertako produktuekin egindakoak– eta kontzertuak izango dira, 20:30ean.
Arratsaldean, 18:30ean, Florent Marcellesi ekologistarekin bideo-konferentzia bat egingo dute. Txalupagilene plaza jolas gune bihurtuko dute. Txotxongiloak, eskulanak egiteko tailerrak, ipuin akrobatikoak eta ipuin kontalariak izango dira bertan.
Eragile guztiak azoka batean elkartuko dira, Alternatiben Azoka deitu duten gunean. Bertan klima aldaketari aurre egiteko alternatibak aurkeztuko ditu eragile bakoitzak. Erronka bati ere aurre egin beharko diote: Txiringailuan euren elkarteak egiten duen lana azaldu beharko dute labur-labur, modu arin eta dibertigarri batean.
Merkatu zaharrean elkar hizketan ariko dira. Klima aldaketa ala sistema aldaketa? galderari helduko diote Greenpeace, Bizi! eta Donostiako Alternatiben Herrixkak (11:00). Saretuz, EHUko Agroekologia taldea, Grain eta Laborantza Ganbarak janariaren alde ezkutua azalduko dute (12:15).
Frontoian herri bazkari ekologikoa egingo dute. Lurlan baserritarren taldeak antolatuko du, eta txartelak 15 euroren truke eskuratu ahal izango dira. Gainera, Matia kaleko hainbat tabernak bertako eta garaiko produktuekin egindako pintxoak jarriko dituzte, eta, beraz, poteoa modu ekologikoan egiteko aukera emango dute.
Eguraldi txarrari beldurrik ez diotela nabarmendu dute antolatzaileek. Izan ere, euria egiten badu ere, egitarauko jarduera guztiak espazio itxietan egiteko aukera ere izango dutela aurreratu dute. Horrenbestez, aitzakiarik ez dago.
Bizikleta gainean ekingo diete gaur aldarrikapenei
Alternatiben Herrixkaren atarikoa gaur egingo dute. Baionatik iritsiko den bizikleta martxa bati ongi etorria emango diote Saguesen, 18:00etan. Handik Antiguara abiatuko dira 18:30ean, Matia kalerantz.
Zein da Baionatik irtengo den bizikleta martxa eta Alternatiben Herrixkaren helburua? 2015eko abenduan klima aldaketari buruzko nazioarteko konferentzia egingo dute. Bizikleta martxak 5.000 kilometro egingo ditu, bidean Europako sei estatu zeharkatuz. Irailaren 26an iritsiko da Parisera. Donostiakoa lehen geldialdia izango da.
Bertsolariekin eta festa giroan ongi etorria emango diote.
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea