Hainbat tamaina, garai eta estilotako margolanak bisita daitezke, uztailaren 25a arte egongo den erakusketa batean
Gala Alvarez, Miguel Angel zenaren alaba, Ekain galeriako erakusketan. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Miguel Angel Alvarez zenaren margolanak bildu dituzte
Ekain Arte Lanak galerian,
Itsasoa izenburupean. Gaur arratsaldean bertan erakusketa irekitzekoak ziren, eta uztailaren 25a arte egongo da zabalik. “Hainbat tamaina, garai eta estilotako lanak daude. Nire aitak dena hartzen zuen, bere erakusketa batean denetik ikus zitekeen, artista desberdinen lanak ere izan zitezkeen”, argitu dio IRUTXULOKO HITZAri
Gala Alvarezek, Miguel Angelen alabak. Hala, gai bakar baten inguruko lanak aukeratu dituen arren, aniztasuna nabarmendu du. Zehazki, Miguel Angel Alvarezek 1950 eta 1990 hamarraldien artean hainbat kostaldetan egindako margolanak jaso dituzte Parte Zaharreko galerian. “Itsasoarekin lotura duten koadroak biltzea erabaki dut, arrantzaleak, kostaldeko irudiak… oso gogoko zituen itsasoaren inguruko pertsonak eta itsasoaren ondoan egotea atsegin zuen”, gehitu du artistaren alabak.
Bereziki gorputz biluziak margotzea zuen gogoko Alvarezek: “Bere lanen artean gehienak biluziak dira, hori baitzuen gogokoen. Paisaiei dagokienean, ordea, itsasoarekin lotutakoak dira gehienak, barrualdeko lanen bat ere badu, Parisen bizitzen egon zen garaikoa”. Erretratuak ere egiten zituela gogoan du Galak, baina ondoren erretratuetako protagonistei emateko erreparoak izaten zituela dio, sekula ez bait zituen guztiz ondo ikusten.
Ongi gogoan du Galak bere aitak nola margotzen zuen. “Paisaia guztiak lekuan bertan margotzen zituen, eguzkitan, hotzez, edo euripean. Sekula ez zituen argazkiak erabiltzen edo ez zituen lanak estudioan bukatzen. Pozik margotzen zuen, indar askorekin, eta sekulako erraztasuna zuen gainera. Hondartzan paseoan zebiltzan bi pertsona minutu batean marrazteko gai zen”. Mallorcan bizi izan ziren garaiko margolanak ere badaude erakusketan, besteak beste, Pasaia eta Donostiako kaiko margoekin batera: “Bere margolan guztiak buruan zituen, eta orain pena pixka bat ere ematen dit salgai jartzeak”.
Txikitatik marrazten zuen
Miguel Angel Alvarez Tolosan jaio zen 1927an, baina bi urte besterik ez zituela Donostiara etorri zen bizitzera bere familia. Txikitatik izan zuen gogoko marraztea Miguel Angelek. Marianistas ikastetxean ikasi zuen, eta 13 urterekin eskolatik bota zuten, eskola orduak marrazten igarotzen zituelako. Margotzen eta marrazten ikasteko eskolak jasotzen hasi zen orduan, eta bere zaletasun hori bizimodu bihurtu zuen. Sekula ez zituen erakusketak gogoko izan Miguel Angelek, baina bat baino gehiago jarri zituen, bai bakarka eta bai taldean ere, eta hainbat eta hainbat sari jaso zituen. “Bere kontura ibiltzea zuen gogoko”. Antiguan bizi izan zen bere emaztea eta bi alabekin. 2011n hil zen, 84 urte zituela.
Bere alabek ez dute margolaritzaren bidetik jo, baina artearekin eta erakusketekin izugarri gozatzen duela dio Galak.