Donostiako manifestaziora deitu dute prentsaurreko batean. (Argazkia: AHT Gelditu)
Euskal Herriko hainbat mugimenduk, sindikatuk eta erakunde sozialek
Abiadura Handiko Trenaren aurka protesta egitera deitu dute larunbatean, Donostian. Manifestazioa 17:30ean irtengo da Alderdi Ederretik,
AHT gelditu orain! Xahuketa gehiago ez! Herritarrok erabaki lelopean.
Lanak gelditzeko exigituko dute, eta proiektu honetarako diru partidak osasun, hezkuntza, etxebizitza eta gizarte zerbitzuetara bideratzeko eskatuko dute. Gainera, AHTaren inguruko
eztabaida tekniko, sozial eta politiko bat ireki nahi dute: “Guztion artean erabaki dezagun zer egin proiektu honekin”.
Zortzi urte igaro dira AHTa egiteko lanak hasi zirenetik, eta beraien ustez, urte hauetan zehar “
agerian geratu da ez dela bideragarria eta ez dakarrela inolako onurarik gizartearentzako“.
Manifestaziora deitu dutenen ustez, proiektuak porrot egiten du: “Milioiak xahutzen ditue eta oinarrizko beharrizan sozialetara bideratu beharko liratekeen partidak murriztu beharra dakar, kalte itzela eraginez gizarte, ekonomia eta ingurumen arloetan”. AHTa gelditzeko zenbat eta gehiago itxaron,
ezbehar ekologikoa are handiagoak izango direla, eta
galera ekonomikoak zein ondorio sozialak ere sakonagoak izango direla adierazi dute.
AHTaren arduradunek orain arte proiektuan zenbat diru gastatu den ez dutela esan nahi, eta aurrerantzean zenbat gehiago beharko den ez dakitela salatu dute: “Gero eta zalantza gehiago Euskal Herrian sekula eginiko inbertsio handienaren gainean, bultzatzaile burugogorrei errealitatea ikusten uzten ez diena: Paris eta Madrilekin loturarik ez dauka eta, gainera,
Bilbo, Gasteiz eta Donostia artean aurrikusitako denborak gero eta handiagoak dira, autoen edo autobusen ia parean egoteraino. Maila bereko zentzugabekeria ikus dezakegu Nafarroan, inondik inora ez doan AHTa eraikitzen ari baitira, Aragoirekin eta EAErekin loturarik ez duena”
AHTa eraikitzeko lanek ekarri behar omen zuen bultzada ekonomiko handia ere ezbaian jarri dute: “Ez dugu ikusi. Alderdi politikoen lagun minak diren eraikuntza enpresari handiek ondo bete dituzte poltsikoak, gero eta maizago azaleratzen diren
ustelkeria kasuak lekuko”. Gainera, AHTa egiteko lanetan ari diren langileen egunerokoan
prekarietatea eta
lan istripuak “eguneroko ogia” direla azaldu dute: “Gehienak azpikontraten eskuetan harrapatuta, lan eta segurtasun baldintza negargarrietan, honez gero 7 hildako eragin dituztenak”.
Alferreko xahuketaren erantzule jo dituzte EAJ
, UPN, PP, PSE, PSN eta PSOE: “Ez daukate inongo arazorik urtero aurrekontuen zati handi bat obra honetara bideratzeko. Badakite diru hori maileguan eskatu behar dela, eta gero eta zor handiagoa pilatzen dutela eskuetan dituzten gobernuen gainean. Aldi berean, gainera, esaten digute ez dagoela dirurik gizarte zerbitzuetarako eta kultura edo ekonomiako bestelako arloetarako”.
AHT Gelditu!, Mugitu! mugumendua, Fracking Ez, Ekologistak Martxan, Eguzki, Haritzalde Naturzaleen Elkartea, Sare Anti-Faxista, Berriotxoak, LAB, STEE-EILAS, ESK, ELA, EHNE, CNT, Euskadiko CGT/LKN, HIRU, Mikelazulo Kultur Elkartea, Duintasuna, Euskal Herriko Bilgune Feminista, Ernai, Ikasle Abertzaleak, Gazte Abertzaleak, Komite Internazionalistak, Askapena, Euskal Herrian Euskaraz, Mugarik Gabe, Marruma Elkartea eta beste hainbat eragilek bat egin dute Donostiako manifestazio nazionalarekin.