'Krokodiloa ohe azpian' ipuinaren bigarren edizioa kaleratu du Mariasun Landak, Erein argitaletxearekin
Mariasun Landa idazlea, liburuaren edizio berria eskuartean duelarik. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Krokodiloa ohe azpian ipuin luzea edo nobela laburra berriro ere kalean da. Erein argitaletxeak berrargitaratu du Mariasun Landaren liburua, lehen aldiz kaleratu zenetik hamahiru urte igaro direnean. J.J da liburuko protagonista, tipo arrunt bat, etxe arrunta eta lan arrunta dituen tipo bat, ohitura arruntak dituena. Halako batean, ordea, batere arrunta ez den zerbait agertuko zaio ohe azpian, krokodilo bat. Gertaera horretatik aurrera, umore ukituarekin, bizitza nahastuko zaio ipuineko protagonistari. “Berrargitalpen baten aurrean, idazleak behartuak gaude gure lanak berriro irakurtzera, begi kritikoekin. Ipuina berriro irakurri nuenean, konturatu nintzen ez nuela ezer ere aldatuko”, azaldu du Landak liburuaren aurkezpenean. Hala ere, berrirakurketa egitean, idatzi zueneko oroitzapen ugari itzuli zitzaizkiola onartu du, eta oroitzapen horiekin
Krokodiloaren irribarrea izeneko testua gehitu dio jatorrizko lanari. Landak argitu duenez, gainera, bere euskarazko lan bat berriro argitaratzen duten lehen aldia da.
Haur eta Gazte literaturan sailkatutako liburu bat den arren, Landak argi utzi du ez dela haurrentzako liburu bat. Angustiaren inguruan dihardu nobelak, bakardadeaz. “Gaia unibertsala da, egitura lineala, testua umoretsua da, erritmoa du, egoera absurdoak gertatzen dira, eta bukaera itxaropentsua da”, gehitu du Landak.
Hainbat sari jasotako liburua da
Krokodiloa ohe azpian, tartean, Espainiako Haur eta Gazte Literaturako Sari Nazionala, 2003an. Gainera, hainbat hizkuntzetara itzuli dute lana: gaztelera, errusiera, galiziera, esloveniera…