Atzo lehen bilera egin zuten Banco Popularreko ordezkariekin.
Elisabet Ibarrari babesa adierazi dio Stop Kaleratzeak plataformak. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Elisabet Ibarra Amara auzoko bizilaguna eta bere zazpi urteko alaba etxetik kanporatu ditzaten galarazi du Stop Kaleratzeak plataformak. Atzo egin zuten lehen bilera
Banco Popularreko ordezkariekin, eta Ibarraren etxebizitzaren enkantea geldiaraztea lortu dute. Stop Kaleratzeak plataformak adierazi du alkatearen esku hartzeari esker ere lortu dutela bankuarekin biltzea.
Gaur bildu dira plataformako kideak Bulebarreko kioskoan, Banco Popularren egoitzatik gertu, Ibarraren kasua salatzeko. Stop Kaleratzeak plataformako kideekin batera izan dira
EH Bildu, Irabazi Donostia, Ezker Anitza, Equo eta Podemos alderdietako ordezkariak. Ibarraren etxebizitzaren enkantea hilaren 18rako zegoen aurrikusita, eta egindako presioari esker geldiarazi dutela nabarmendu du Stop Kaleratzeak elkarteko kide Joseba Soraik: “Banco Popularrek, gaur Targobank, Elisabet eta bere zazpi urteko alaba kalean utzi behar zituen astebeteko epean; atzo bankuko ordezkariekin biltzea lortu genuen, eta etxebizitza enkante bidez ez saltzeko konpromisoa hartzea lortu genuen. Dena den, epaitegian martxan dugun salaketa prozesuak aurrera jarraituko du”.
Zoru klausula izan da Ibarraren ekonomia ito duena; klausula hori gabe, etxebizitzaren jabeak ez luke zerga ordaintzeko arazorik izango, eta hala azaldu du Ibarrak: “Nire behar guztia duen alaba bat daukat, baina ez naiz langabea. Taberna baten jabe naiz, eta bertan zerbitzari lana egiten dut gainera. Baina bankuak ez zidan klausula horren berri eman”. Hain zuzen ere, klausula horrek hilean 400 euro garestitzen du ordaindu beharreko kuote. Ibarraren kasuan, 5.400 euroko zorra pilatu zuen iazko irailan, eta bankuak kontratua hautsi zion, abisurik eman gabe. Ibarrak zorra ordaindu zuenerako, beraz, berandu zen, bankuak ez baitzuen zorraren ordainketa onartu.
Zer egin ez zekiela gelditu zen Ibarra; kuotak ordainduta zituen, baina bankuak ez zituen onartzen. Stop Kaleratzeak plataformara jo zuen laguntza eske, eta ekainaren 30ean banukearen aurkako salaketa jarri zuen, zoru klausula baliogabetzeko eskatuz. Plataformako bozeramaile Rosa Garciak dei egin die, antzeko egoeran daudenei laguntza eskatu dezaten: “Zorionez, orain kaleratzeak galarazteko lan egingo duten alderdiak egongo dira udalean, esate baterako, gaur hemen ordezkatuta dauden EH Bildu eta Irabazi Donostia. Alderdi horiek enkanteak gelditu eta kaleratzeak saihestuko dituztela zin egin dute. Bidebatez, EAJ eta PP alderdiei dei egiten diegu, kaleratzeak ekidin ditzaten”.