Gipuzkoako pailazo guztiek parte hartuko dute ekainaren 21eko festan
'Illunbe izarrez argitu' ikuskizuna eskainiko dute Illunben prestatuko duten familientzako gunean.
Txirri, Mirri eta Txiribiton; Pirritx, Porrotx eta Marimotots; Poxpolo Ta Konpainia; Tomax; Gari, Montxo eta Joselontxo; Patxin eta Potxin; Korri, Salto ta Brinko; Txantxariak; Takolo… Gipuzkoako pailazo guztiak elkartuko dira ekainaren 21eko erabakitze eskubidearen aldeko jaian, Illunbeko gunean. Illunbe izarrez argitu ikuskizuna 12:30ean hasiko da, eta hainbat lagunek parte hartuko dute: Ane Pirata, Sorgintxulo-ko Zuriñe, Gu ta Gutarrak-eko lagunak, Donostiako Pirata Bihurriak, suhiltzaileak, arraunlariak, errugby jokalariak, gurpildun aulkiko saskibaloi jokalariak, futbolariak, pilotariak…
Familia giroan eguna pasatzeko helburuarekin antolatu dute espazio hau. Kanpoko parkinean haur eta gaztetxoentzako tailerrak, puzgarriak eta abentura parke bat jarriko dute. Gainera, familia giroan bazkaltzeko aukera egongo da. Alde batetik norberak etxetik ekarritako janaria jan ahal izateko lekua izango da, eta bestetik, Euskal Irri bazkaria egingo dute, 14:00etan: 1.000 lagunentzako paella erraldoia egingo dute han bertan. Bestelako razioak ere prestatuko dituzte, eta helduentzako eta haurrentzako txozna bat jarriko dute freskagarriekin, izozkiekin eta goxokiekin. Bazkaldu ondoren, 15:30ean, ume eta gaztetxoentzako berbena egingo dute Illunbe barruan.
Illunbeko gunerako sarrerak 5 eurotan daude salgai. Anoetako estadiorako sarrerak ez du balio Illunberako.