Irabazleak, euren garaikurrekin. (Argazkia: Altzatarra Kirol Elkartea)
Donostiak irabazi du aurten ere
Gipuzkoako Herriarteko Pala Txapelketa. Joan den igande goizean jokatu zuten pilotari donostiarrek Andoainen aurkako finala, Atano III.ean, eta bi partidetan garaileak izan ziren. Paleta larruz 35-21 gailendu ziren etxekoak, eta pala motzean, berriz, 40-37.
Bai Donostiak bai Andoainek urtero parte hartu dute txapelketan. Horietatik,
zazpi aldiz izan da txapelduna Donostia: 1997, 1998, 2002, 2006, 2008, 2014an eta aurten, eta beste sei txandatan bigarren postuan geratu da: 1991n, 1993an, 1994an, 2000n, 2001ean eta 2012an. Andoain lau bider izan da txapelduna, eta beste bost txandatan txapeldunordea. Gainera, lau aldiz aritu dira elkarren aurka finalean, eta lauetan Donostia izan da txapelduna: 1997an, 2006an, 2008an eta aurten.
Esku pilotan eta zesta puntan, kanporatuta
Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan, aurrera darraite eskuzko zein zesta-puntako lehiek. Esku pilotan, ordea, Donostian lehenengoan kaleratu zuen Beasainek. Maiatzaren 24an zein maiatzaren 30ean, 2-0 gailendu zen Beasain; joaneko zein itzulerako partidetan, kadeteetan Donostia izan zen txapelduna, eta jubenil eta nagusietan Beasain. Iaz Donostia izan zen txapelduna, baina aurten ezin izan du lehen kanporaketa ere gainditu.
Zesta-puntan, ligaxkako 6. eta azken jardunaldia jokatuko zuten joan den igandean, Donostiak eta Mutrikuk; eta hiriko ordezkaritzak ez du finalerako sailkatzea lortu. Zumaiak eta Mutrikuk jokatuko dute finala, ekainaren 28an.