Homosexualitatea eta homofobia dira 'Muxua' antzezlanaren gai nagusiak
Tanttaka taldeak eszeneratuko du lana Viktoria Eugenia Antzokian, ekainaren 23tik 27ra
Muxua. Tanttaka Teatroak taularatuko du datorren astean, ekainaren 23tik 27ra, Viktoria Eugenia Antzokian. Homosexualitatea eta homofobia dira istorioko gai nagusiak, eta hiru pertsonaia besterik ez dira agertuko: Lorenzo eta Antonio ikasleak, eta Elena irakaslea. “Liburu denda batean topatu genuen istorio hau kontatzen duen liburua, perla txiki bat da. Hiru pertsonaiek lehen pertsonan kontatzen dute gertaera bera, bakoitzak bere ahotik”, azaldu du Fernando Bernues antzezlaneko zuzendariak, aurkezpenean. Nobela taularatzeko, ordea, pertsonaien kontakizunak elkarren artean nahastu dituzte. “Hiru bakarrizketak tartekatzea izan da gure lana. Kontakizun tragikoa da, bukaera tragikoa duena”, gehitu du Mireia Gabilondo aktoreak. Ander Iruretagoiena eta Haritz Morras arituko dira aktore lanetan Gabilondorekin batera. Bi mutilentzako euren lehen lan profesionala izango da antzerkiaren generoan, eta oso pozik agertu dira biak ere.
Institutu batean gertatuko da Muxua; Lorenzo, 15 urteko ikaslea, institutura iritsi eta Antonio ikaskidearekin maiteminduko da. Antoniok ez daki nola erantzun Lorenzori, eta Elena irakaslea guztiaren lekuko izango da. Hiru pertsonaia horiek elkarrrekin nahastuz, maitasuna, gorrotoa eta indarkeria agerian utziko dituzte. Eta noski, musu bat egongo da guztiaren erdigunean. “Politena da ez dagoela ez onik eta ez txarrik, ez txuri eta ez beltzik. Bakoitzak nahikoa du bere min, azintasun eta sentitzen duenarekin aurrera egiteko”, azaldu du Gabilondok.
Viktoria Eugeniako ez ohiko gela batean eskainiko dute Muxua, goiko solairuko areto balioaniztun batean. Hala, 40 lagun inguruk izango dute saio bakoitzean antzezlanaz gozatzeko aukera. Ekainaren 24an, Sarrerak 10 eurotan daude salgai.
Gehitu, Euskal Herriko lesbiana, gay, tranxesual, eta bisexualen elkarteak bat egin du antzezlanarekin. Hala, ekainaren 24an, antzezlanaren ostean, solasaldi bat eskainiko du, haur txikietan agertzen den transexualitatearen inguruan.
Institutuetan antzeztea polita izango litzatekeela adierazi dute aktoreek, eta urrirako gaztelerazko bertsioa prest izatea espero dute.
Izenburuak kontrakoa iradoki dezakeen arren, antzezlan gogorra da