Pilota partida berezia antolatu dute Antiguan, Pausoka elkartearentzat dirua biltzeko
Titin III.a eta Gorrotxategi arituko dira Saralegi eta Aizpitarte bikotearen aurka, uztailaren 3an
Pausoka Elkartearentzat izango da. Gaur egin dute jaialdiaren aurkezpena, Antiguako frontoian bertan. “Ideia sortu zen, nire arrebaren kuadrillako bat Pausoka Elkarteko kidea delako, bere semeak behar bereziak dituelako. Aukera genuenean beraien alde zerbait antolatuko genuela esan genien”, azaldu du Ion Martinez Txiki antolakuntzako kideak. Antiguako frontoia mitikoa da, udan urtero antolatzen duen txapelketarekin. Bertan sortzen den giroa bikaina izaten da, eta aukera polita da bi pilotari hauek gure auzoan ikusteko”, gehitu du Txikik.
Ekaitz Saralegi Amezketako pilotaria ere izan da aurkezpenean, eta partidarako gogotsu dagoela adierazi du: “Pilotan gutxiago ibiltzen naiz orain, baina deitzen didate noizbehinka partidaren bat jokatzeko. Espero dut partida on bat ateratzea Pausokaren alde”.
Behar bereziak dituzten haurrei babesa emateko sortu zuten Pausoka Elkartea, duela hiru urte. Egoitza nagusia Hernanin dute eta elkartearen bidez gurasoen gastuak gutxitzen saiatzen dira. Hala, Antiguan bildutako diruarekin, opari ederra jasoko du elkarteak.
Esku pilota partida ederra antolatu du Antiguako pilota eskolak, uztailaren 3rako. Binakako lehia izango da, Augusto Ibañez Titin III.a eta Ekaitz Saralegi izango dira lehiako izarrak, eta beraiekin batera arituko dira Gorrotxategi eta Aizpitarte, hurrenez hurren. Norgehiagokarako sarrerak salgai daude 10 eurotan, eta bildutako dirua