Ostiralean piztuko dute San Pedro jaietako txupina.
Herri kirol erakustaldia Igeldoko plazan. (Argazkia: Nagore Koch)
Igeldoko igoera herrikoiarekin hasi ziren motorrak berotzen, duela bi aste, eta San Juan bezpera ospatu ondoren, igeldotarrak prest daude jaietan murgiltzeko. Ostiralean hasiko dira San Pedro jaiak, haurrei eskainitako egitarau zabal batekin. Goizean, 10:30ean,
Ttonttorro Txiki igoko dute festetako taula gainera. Ondoren etxez etxe eta baserriz baserri joango dira haurrak, altxorraren bila. Eguerdian haurrentzako bazkari herrikoia prestatuko dute, eta ikuskizun eta merienda baten ondoren, haurren pilota partiden finalak jokatuko dituzte 18:00etan.
Arratsaldean jaiak hasiko dituzte ofizialki, 19:15ean, jaietako maskota den
Ttonttorro astoaren igoerarekin, eta txupina piztuko dute. Duela bost urte berreskuratu zuten ohitura hau. Jai batzordearen izen ebra du maskotak. Igeldon jai giroa piztuko du
Eonian elektro txarangak, 19:45etan, eta 21:00etan pintxo lehiaketa egingo dute. Gauean, 22:00etan, Igeldoko kuadrillek altxorraren bila jokoan parte hartuko dute. Kontzertuak 23:30ean hasiko dira.
Ze Esatek! eta
Blaka taldeak ariko dira zuzenean.
Larunbatean goizean arrantzan joango dira igeldotarrak, eta arrantza onena nork egituen erakutsi beharko dute. Eguerdian bazkari herrikoia egingo dute, musikari batek girotuta. Arratsaldean Do Ta Ke txarangarekin batera kalejira egingo dute 18:00etan. Bertso saio batekin gozatzeko aukera ere izango dute igeldotarrek, 20:00etan.
Jesus Mari Irazu,
Beñat Gaztelumendi,
Maialen Lujanbio eta
Uxue Alberdi ariko dira bertsotan. Igeldoko Euskara Batzordeko kideak ariko dira gai jartzaile lanetan. Gau luzea izango dute aurretik, gaupasa egingo baitute
Triki Ta Ke eta
Ingo Al Deu taldeekin. Igande goiza ondo hasteko baratxuri zopa goxo bat haruko dute parrandazaleek.
Biharamuna
Lezkarri Abesbatzak goxatuko du, eskolako aretoan 12:30ean egingo duen emanaldiarekin. Ondoren, patata tortilla onena nork egiten duen jakiteko ordua iritsiko da; 13:30ean hasiko dira tortillak prestatzen. Arratsaldean, 17:30ean, haurren trikitixa eta Antiguotarrak dantza taldeen emanaldia. Esku pilota goxoko finalak eta teniseko pala txapelketa finalak 19:00etan jokatuko dituzte. Gauean, 21:0etan,
Ekoetikopatetikobikoa antzezlana egino dute kultur etxean. Igandea
Andoni,
Pasaiako Fenomenua eta
DJ Pari-rekin bukatuko dute.
Astelehenean jaien egun handia ospatuko dute,
San Pedro Eguna. Itsas Aurrera joaten diren igeldotar guztientzako hamaiketakoa egingo dute, 11:30ean. Buruhandiak 12:00etan aterako dira kalera, eta ondoren herri kirolen ikuskizuna helduko da.
Olasagasti eta
Etxebeste, Jauregi eta
Cañaresen kontra ariko dira. Joseba Ostolaza harri jasotzaileak ere parte hartuko du. Arratsaldean,
toka herrikoia eta
eskuzko pilota partida “ikusgarria jokatuko dute: Urbieta eta Imaz, Santxo eta Erasun-en aurka. Gauean,
idi dema egingo dute. P.J. San Sebastian
Benta eta
Igeldo ariko dira norgehiagoka. Amaia eta Leire trikitilarien erromeriarekin esango diote agur San Pedro Egunari. Igeldotarrek bi eguneko atsedena hartuko dute, hurrengo osteguna arte (uztailak 2).
Santa Isabel Eguna ospatuko dute. Oilasko biltzaileen bazkaria egingo dute 15:00etan, eta 18:00etan Santa Isabel eskearen amaiera izango da, herritarren parte hartzearekin. Baserriz baserri eta etxez etxe arin arinak eta fandagoak dantzatuko dituzte. Ttonttorro Txikiren jaitsierarekin hasiko da jaietako azken txanpa, baina gaua bukaera arte luzatuko dute.
Zaldi dema egingo dute 22:00etan: Fagollaga eta Imanol Etxeberria ariko dira elkarren aurka, 700 kiloko harriarekin gainean, 200 kiloko gainkargarekin. Izer eta Alabier trikitilariekin erromeria hasiko da 23:00etan, eta gauerdian,
aurresku herrikoia dantzatuko dute.
Ttonttorroren jaitsierarekin bukatuko dira jaiak. Hurrengo urtea arte zuhaitz artean ezkutatuko da jaietako maskota.