Donostiako Jazzaldiaren historia biltzen du ikus-entzunezkoak; hainbat musikari, kazetari eta kritikariren oroitzapen eta iritziak jaso dituzte.
https://vimeo.com/132306137
#50jazzaldia izeneko dokumentalean agertzen dira, orobat,
Jazzaldian jo zuen lehen taldea osatzen zuten bost musikarietatik hiru (Alvaro Gurrea, Eugenio del Río eta Miguel Angel Urrutia), eta hasierako antolatzaileetako batzuk (
Imanol Olaizola,
Ramon Peironcely,
Rafael Agirre Franco,
Francette Lafont eta
Rafael Briz). Kazetarien artean, Espainiako komunikabideetako jazzeko kritikari garrantzitsuenek ematen dute iritzia, baita, Estatu Batuetako, Frantziako eta Norvegiako zenbait medioetako kritikariek ere.
50 urteko historia laburbiltzen du ikus-entzunezkoak, protagonistetako batzuen lekukotzak eta zaleen oroimenean iltzatuta geratu diren hainbat kontzertu zoragarriren irudiak erabiliz. Dokumentala egiteko, berrogeita hamar elkarrizketa baino gehiago egin dira musikari, sustatzaile, kazetari, kolaboratzaile eta jarraitzaileekin eta, kasu askotan, argitaratu gabe zeuden artxibo grafikoak eta ikus-entzunezkoak berreskuratu dira.
Elkarrizketak egin zaizkien nazioarteko musikariei dagokienez, nabarmentzekoak dira
Chick Corea,
Bobby McFerrin,
Stanley Clarke,
John Scofield,
Dee Dee Bridgewater,
Dave Holland,
Toshiko Akiyoshi,
Nicholas Payton,
Bugge Wesseltoft,
Enrico Rava eta
Nicholas Payton; bertako
Iñaki Salvador,
Gonzalo Tejada,
Mikel Azpiroz,
Makala eta
Mikel Erentxun ahaztuta utzi gabe.
Donostiako
Morgancrea-k ekoiztu du dokumentala, eta koprodukzioko partaide dira TVE, Euskal Telebista eta Donostia Kultura; Morgancrea-ko Carlos Rodriguez izan da gidoilaria eta zuzendaria.
Euskal Telebistak, uztailaren 19an emango du ETB1ean eta uztailaren 20ean ETB2an, 23:00etan.