Yenineko eta Mozambikeko neska-mutilei harrera egin diete udaletxean
Donosti Cupek baliabiderik gabeko bi taldeak gonbidatu ditu futbol lehiaketan parte hartzera.
Martxan da dagoeneko Donosti Cup, eta gaur, urtero bezela, baliabiderik gabeko bi futbol talderi harrera egin diete udaletxean. Hain zuzen ere, urtero giza alderdia lantzen du Donosti Cupek, eta aurten ere baliabiderik gabeko bi talde gonbidatu ditu Donosti Cup in the world programaren bidez: Yenineko errefuxiatu kanpamenduko neska talde bat eta Mozambikeko bi umezurtz etxeetako mutil talde bat.
Udaletxean hamaiketako oparoarekin egin die ongi etorria Eneko Goia alkateak, eta kirolariek opariak jaso dituzte udal alderdi guztietako ordezkarien eskutik: bertan izan dira EAJko Martin Ibabe, Jon Insausti eta Pilar Arana, Irabazi Donostiako Amaia Martin, EH Bilduko Ricardo Burutaran, Olaia Duate eta Josu Ruiz, PSE-EEko Duñike Agirrezabalaga eta PPko Miren Albistur eta Jose Luis Arrue. Haurrak Donosti Cupkeko zuzendari Iñigo Olaizola eta Gobernuz Kanpoko Erakundeetako ordezkariekin izan dira udaletxean.
Mozambikeko haur taldearen kapitain eta herrialdeko selekzioko jokalari ohi Tico Ticok eskerrak eman dizkie Donosti Cupeko antolatzaileei, Donostiara etortzeko aukera eskaintzeagatik: “Futbola oso garrantzitsua da Mozambiken, herrialdetik atera eta ateak irekitzen dizkielako baliabiderik ez dituzten haurrei. Ni ere futbolari esker ibili naiz munduan, baina sekula horrelako lehiaketa ederrik ikusi gabea nintzen”. Mozambikeko taldea pozez zegoen, azken partida irabazi dutelako.
Yenineko errefuxiatu kanpamenduko neskak ere Palestinatik lehen aldiz atera direla nabarmendu du Jesus Artetxe GKEko boluntarioak: “Neska horiek ez dute aukerarik errefuxiatu kanpamenduan, eta futbolari esker, bizi duten errealitate gogorretik atera eta mundua ezagutu dezakete; hori bakarrik ez, izan ere, askotan emakumeentzat debekatua egoten den kirol jarduera honekin gozatu dezakete”. Artetxek nabarmendu du lehen aldia dela horrelako lehiaketan parte hartzen dutela, eta lehen gola sartuta helburua bete duela adierazi du pozik.