Salaverria dendako lore saltzaileak 26.000 orkidea erabili ditu; Francis Montesinosen desfilea ere diseinatu izan du Cibelesen.
Irizarrek loreekin egindako pasarela, Parisen.
Donostiako lore denda batek apaindu du Versaceren Parisko goi-mailako joskintzako pasarela.
Bretxako Salaverria dendako Josu Irizarrek diseinatu du guztia, 200 lan ordutan eta 18 pertsonaz osaturiko lan taldearekin batera. Igandean bete zuen bere ametsa, loreekin sortutako diseinua Parisko pasarela garrantzitsuenetako batean erakustea, Versaceren udazkeneko bildumaren aurkezpenean.
Desfilearen aurrekaldean, hostorik gabeko zuhaitz bat diseinatu zuen Irizarrek, hostoak erortzen diren sasoia irudikatuz. Pieza hau egiteko 6.000 lore erabili zituen. Gainontzekoak, beste 20.000, lurrean metakrilato egitura baten azpian jarri zituen, berotegi bat irudikatuz. Orkidea erabili zuen apaingarri gisa.
Ezusteko lana
“Loreak saltzen dituen Holandako enpresa batetik jaso zuen enkargu hau egiteko deia. Loreekin diseinatzeko aukera eskaini zidaten baina norentzat izango zen esan gabe, bai edo ez momentuan erantzun behar nuela esan zidaten”, dio Josu Irizarrek. Donostiarrak baiezkoa eman, eta lanari ekin zion: “Ustekabean harrapatu gintuen, normalean hiru hilabeteko epearekin lan egiten dugu eta kasu honetan, denbora errekorrean egin behar genuen dena”. Bilduma ez ezagutzea ere oztopo galanta zen “Normalean, diseinuak ikusten ditugu apainketa prestatu ahal izateko baina kasu honetan, ez genuen denborarik”.
Lore artean, hamar urte zituenetik
Txikitatik darama Josu loreekin lanean. Hamar urte besterik ez zituela, lore artean ibiltzen zen familiari laguntzen zion bitartean. 2007. urtean, bakarkako ibilbideari ekitea erabaki zuen, eta Salaverria Floristas bere egin zuen, 100 urtetik gorako ibilbidea duen Donostiako saltokia eskuratuta.
Pasareletan lan egiteko aukera Francis Montesinoren pasarela dekoratzeko ideien lehiaketa bat irabazi ondoren lortu zuen. 2008. urtean Cibelesko pasarelan dekorazio onenaren saria jaso zuen. Modu honetako diseinuekin lore-saltzailearen lana ikusarazi nahi du Irizarrek, bere lanbidea “duindu”. Egun, bere ametsa Milanen lan egiteko aukera izatea da.