Merkatari eta ostalarien etxea izango da PuntuDenda
Gipuzkoa plazan Sustapenak duen gunea berritu dute, berrikuntza eta teknologia topagune bihurtzeko.
Gipuzkoa plazako 7. zenbakian Sustapenak PuntuDenda espazioa sortu zuen 2013an, Donostiako merkatal guneei berritasun eta harremanetarako espazioa eskainiz. Gaur, espazio hori berrituta aurkeztu dute Sustapeneko zuzendari Euken Sesek eta Ekonomia Bultzatzeko, Merkataritzako, Ostalaritzako eta Turismoko zinegotzi Ernesto Gascok, Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko idazkari nagusi Kino Martinez eta SShops Donostiako ordezkariekin batera.
Hiru ardatzen baitan antolatu dute PuntuDena berritua; Shops & Taste in San Sebastian izena jarri diote sarreran, eta hiritar guztientzat irekita egongo da aste guztian zehar, bata igandetan ere. Horrela, merkataritza, ostalaritza eta bisitariak izango dira espazioaren hiru oinarriak; hain zuzen ere, bai donostiar zein kanpotarrentzat hitzaldiak eta prestakuntza saioak eskainiko dituzte bertan. Helburua, merkatal gune eta saltokiek beren negozioetan berrikuntza, teknologia eta elkarkidetza sustatzeko puntu bat sortzea da, zuzeneko promozioak, dastaketak eta bestelako jarduerak antolatuz.
Hain zuzen ere, atzo aurkeztutako Pop Up Commerce proiektua bertan gauzatuko da: proiektuan zortzi pertsona edo ideia garatuko dituzte, horretarako PuntuDenda espazioa erabiliz. Proiektuaren helburua, ideia berria zuzenean kontsumitzaileekin partekatzea da, bi hilabeteko epean.