Hipodromoan 43 zaldi lasterketa egingo dituzte zortzi jardunaldietan
Udako denboraldia hilaren 26an hasiko da.
Uda honetan 43 zaldi lasterketa egingo dituzte hipodromoan, zortzi jardunaldietan banatuta. Garapen Ekonomiko eta Sustapen zinegotzi Ernesto Gascok aurkeztu du denboraldia gaur. Lasterketak hilaren 26an hasiko dira, eta jardunaldiak egingo dituzte abuztuaren 3, 9, 15, 23, eta 31an, eta baita irailaren 7 eta 11n.
Gascok azaldu duenez, akordiora iritsi da udala hipodromoarekin, eta hala, sari nagusiak mantenduko dira, hala nola, Urrezko Kopa, Eusko Jaurlaritzaren saria eta Maria Kristina Hotelaren saria.
Gaur udalean aurkeztutako agenda datorren asteartean bidaliko diete hipodromoko arduradunei. Zinegotziak nabarmendu du Donostia hipodromoaren ehun urteak ospatzeko prestatuko dutela: “Hiri hau turf-aren hiriburu izango da berriz ere, eta datorren urtean beteko dituen ehun urteak ospatzeko prestatuko gara, hipodromo hau baita zaldi lasterketak etengabe mantendu dituen bakarra”.



