Nekane Arzallus izango da Gipuzkoa Basketeko presidente berria
Alvaro Bilbaok Gipuzkoa Basketeko presidente postua utziko du datorren astean, lan kontuak direla medio. Bere lekua Nekane Arzallus presidenteordeak hartuko du, Gipuzkoa Basketek jakinarazitakoaren arabera. Aldaketa hauei buruz hitz egiteko, asteartean agerraldi bat egingo dute, 11:00etan, Illunben. Era berean, ostiralean jasotako jakinarazpen ofizialaren berri zehatzahoa emango dute: Gipuzkoa Basketek datorren denboraldian ACB Ligan jokatzen jarraituko duela, alegia. Jaitsiera postuetan amaitu zuen taldeak, baina igoerarik ez da egongo, kantxan eskubide hori lortu zuten taldeek ez baitute beharrezkoa zuten dirua bildu goi mailan jokatzeko.
Horrenbestez, Arzallusek taldea ACB Ligan dagoela estreinatuko du presidente kargua, Alvaro Bilbaok egin bezala. Hain zuzen ere, Bilbao 2007an iritsi zen Gipuzkoa Basketera, kontseilari gisa. Miguel Santosen eta Gorka Ramonedaren presidenteordea izan zen haien legegintzaldietan. Ramonedak 2012an presidentetza utzi zuenean, Bilbaok bere lekua hartu zuen eta geroztik lan handia egin du, klubaren momentu zailenetan.
Nekane Arzallus ere 2007an iritsi zen Gipuzkoa Basketera, kontseilari gisa hau ere. Arzallus ACB talde bat zuzenduko duen historiako bigarren emakumea izango da, 1983-1984 denboraldian Pepita Merce CB L´Hospitalet taldea bulegoetatik zuzendu ondoren.