2020 urtera bitarte udalak 6 milioi euro erabiliko ditu langabe gazteak lan munduan sartzen laguntzeko.
Ernesto Gasco eta Euken Sese, goizean egin duten agerraldian. (Argazkia: Lide Ferreira)
Europako Gizarte Funtsak 3 milioi euro jarriko ditu, lanik gabeko gazte kualifikatuak hiriko sektore berri eta estrategikoetan lanean sartzeko programak garatzeko. Hain zuzen ere, Donostiako Udalak,
Ekonomia Sustatzeko Donostiako Sustapenaren Planen bitartez, gazteentzako 2020 urtera bitarte izango duen aurrekontu osoaren %50a izango da. Orotara, beraz, udalak 6 milioi euro erabiliko ditu langabe gazteak lan munduan sartzen laguntzeko. Halaxe azaldu dute gaur goizean Sustapeneko zuzendari Euken Sesek eta Ekonomia, Merkataritza, Ostalaritza eta Turismo zinegotzi Ernesto Gascok, udaletxean egin duten agerraldian.
Planaren baitan, goi mailako ikasketak dituzten gazteek
lan merkatura hurbiltzeko dituzten gaitasunak hobetuko dituzte, eta lan aukerei buruzko informazioa jasoko dute. Merkataritza eta ostalaritza bezalako arloetan nahiz arlo estrategikoagoetan
espezializatutako proiektuak garatuko dituzte, etorkizunean profil profesional berriak eskatuko dituztela aurreikusten dutelako.
Gazteen nazioarteko mugikortasuna ere sustatzeko bekak eskainiko dituzte, haien ibilbide profesionalari bultzada bat emateko eta lan merkatuan sartzeko aukerak handitzeko.
Era berean,
Talentu Berritzailea bezalako programak bultzatuko dituzte. Donostiako Sustapena ekimen hori garatzen ari da azken urteetan, jakintzan eta berrikuntzan oinarritutako enpresa proiektuak bultzatzeko asmoarekin, gazte kualifikatuei aukerak eskaintze aldera.
Beraz, jarduera horien bitartez, Donostiako Sustapenaren helburua da enpleguan iraunkortasuna eta kalitatea sustatzea, baina baita potentzial profesional altuko lan mugikortasuna bultzatzea. Aurten,
Donostiako Ekonomia Sustatzeko 2015eko Planak 8 milioi eurotik gorako aurrekontua du, eta Planaren helburua da 1.150 lanpostu berri bitarte sustatzea, lehendik dagoen enplegua sendotzen laguntzearekin batera.