Superkopa Gasca kiroldegian jokatuko dute, abuztuaren 29an
Espainiako Eskubaloi Federazioak berretsi du aurtengo Superkopa Donostian jokatuko duela. Partida horretan Bera Berak eta Rocasak jokatuko dute elkarren aurka, hirugarren aldiz jarraian. Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak Federazioarekin adostu dutenaren arabera, Superkopako finala abuztuaren 29an jokatu dute Josean Gasca kiroldegian, Teledeportek zuzenean eskainita. Era berean, Jorge Dueñas hautatzailearekin klinik bat antolatuko dute, eta eskubaloi festa bat egingo dute Anoeta inguruan.
Azken hiru ekitaldietan, Superkopak bi izen ditu: Bera Bera eta Rocasa. Gasca kiroldegiak hartu zuen lehenengo aldian, 2013ko irailean, donostiarrak gol bakar batez nagusitu ziren (25-24). Iaz, Guadalajaran, Bera Bera irten zen berriro garaile (23-20).
Bestalde, Eslovakiako txapeldun Iuventa Michalovce edo Luxenburgoko ligan bigarren gelditu zen HC Standard taldeen arteko irabazlearen aurka jokatuko du Bera Berak EHF Kopan. Azaroaren 14 edo 15ean jokatuko du joanekoa, etxetik kanpo; eta azaroaren 22 edo 23, itzulerako partida.