Donostiako hainbat gune agertzen dira 'Amama' filmean
Asier Altunaren Amama filma Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialerako hautatua izan da. Donostian grabatu ziren hainbat eszena gure Film Commission-en laguntzarekin: Groseko Arteko galeria, Artikutza, Groseko Iparragirre kalea, Loiolako Erribera… Eta aktore donostiarren artean, Klara Badiola eta Nagore Aranburu daude, besteak beste. Bakarka zuzendu duen fikziozko lehen lan luzea da Amama —Aupa Etxebeste! egina du Telmo Esnalekin—, eta oso pozik dago emaitzarekin. Gatazkari buruzko familiarteko istorio bat da. Hiriaren eta landa-gunearen, iraganaren eta orainaren, gurasoen eta seme-alaben arteko gatazkena, hain zuzen. Bizitza ulertzeko bi modu kontrajarri, eta mundua isiltasun elokuenteenetik begiratzen duen amona bat. Iraia Elias, Amparo Badiola, Ander Lipus, Manu Uranga, Kandido Uranga eta Klara Badiola dira film honetako protagonistak.