Bilduko zinegotziek zapi laranjak jantzi dituzte. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Erakunde adierazpen bat aurkeztu du gaur EH Bilduk, uztaileko udalbatzarrean. Udalak 35/02 makrosumarioaren epaia salatu zezan zuen helburu koalizio abertzaleak, eta, neurri batean, hala egin du Udalbatzaren gehiengoak. Hain zuzen ere, Bilduk, EAJk eta Irabazi Donostiak
herriko tabernen aurkako epaia salatu dute, eta elkartasuna adierazi diete zigortutako lagunei. Hala ere, aurkeztutako erakunde adierazpenak ez du aurrera egin, Bilduk alde bozkatu arren, EAJk eta Irabazi Donostiak abstentzioaren aldeko hautua egin dutelako; adierazpenaren literaltasunarekin ados ez egoteagatik. PPk eta PSE-EEk kontra bozkatu dute.
Eneko Goia alkateak esan du udalbatzarrera eramandako testua ez dela izan eurekin adostutakoa, hiriko hainbat eragilek osatutakoa baizik, eta Bildurekin akordatutako testuaren ardatz nagusiak irakurri ditu. Bertan, eskubide zibil eta politikoen defentsan, epaia atzerapauso bat dela onartzen zuten jeltzaleek. “Bat gatoz ‘dena ETA da’ esaldiak ekarritako ondorioak gaitzesteko orduan”, esan du Goiak. Irabazi Donostiako bozeramaile Amaia Martinek, bere aldetik, “azken 40 urteetan izandako indarkeriari buruzko ikuspuntuan” ez dutela bat egiten berretsi du, baina bere taldearen gaitzespena adierazi du, “giza eskubideen urraketei dagokienez”.
PPko bozeramaile Miren Albisturrek Bilduk ETA gaitzestu dezala eskatu du, “garai berriei buruz hitz egin aurretik”. PSE-EEko zinegotzi Enrique Ramosek adierazpenarekin ez daudela ados nabarmendu du. Galtzaile eta irabazleen eskemarekin bukatzea eskatzen du testuak. Bada, Ramosek uste du irabazleak egon behar dutela: “Indarkeriarekin helburu politikoak lortzerik badagoela ideia garaitu behar da”.