Zezenketen aurkako herritarrak, udalbatzarren aretora sartzen. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
EH Bilduk eta Irabazi Donostiak mozio bat aurkeztu dute gaur, Donostian zezenketak egitea dela eta. Testuan, Donostiak bere burua hiri antitaurinotzat jotzea eskatu dute, besteak beste. EAJk, PSE-EEk eta PPk kontra bozkatu dute. Horrenbestez, Bildu eta Irabazi Donostiaren botoak ez dira nahikoak izan mozioak aurrera egiteko. Bitartean, udalbatzarren aretoan
zezenketen aurkako hainbat herritar bildu dira, elastiko gorriak soinean. Bozketa jarraitu dute bertatik bertara, eta PSE-EEko bozeramaile
Ernesto Gascok egindako azalpenekin azaldu dute bereziki bere haserrea. Gascok adierazi du aurka bozkatu dutela, “debekuen kontra” daudelako. Era berean, “legezko jarduerak” defendatzen dituztela berretsi du, eta, hortaz, ez dutela arrazoirik ikusten mozioa babesteko. Azkenik, PSE-EEko bozeramaileak Bilduren “inkoherentzia” salatu du, zezenketen aurka ez delako azaldu Iruñean edo Azpeitian.
PPko bozeramaile
Miren Albisturrek esan du “ulertu” eta “errespetatu” egiten dituztela zezenketen aurkako iritziak, baina baita zezenketen alde daudenak ere. EAJko zinegotzi
Juan Ramon Vilesek, berriz, zezenketak legezkoak direla nabarmendu du, eta udalak ez duela eskumenik hori aldatzeko.
Bilduko bozeramaile
Amaia Almirallek eta Irabazi Donostiako zinegotzi
Loic Alejandrok irakurri dute bi udal taldeek aurkeztutako mozioa. Donostia Antitaurina Orain plataformak eskatuta aurkeztu dutela esplikatu dute. Zezenketak berriro antolatzea “atzerapauso bat” dela azpimarratu dute.