Luis Mokoroak bota du urteroko kanoikada, Alderdi Ederren bildutako jendetzaren aurrean

Eskolako kideak ‘Artillero’ren erritmoan dantzatu dira, Easo abesbatzako lagunek kantatzen zuten bitartean. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Hasi da Aste Nagusia! Urtero legez,
Artillero abestiaren doinuak eta kanoikadak eman diote hasiera hiriko aste luzeenari. Hain zuzen ere, Luis Mokoroa, Gastronomika elkarteko presidentea, arduratu da kanoiaren suziria pizteaz, 19:00etan, 23. urtez jarraian. Alderdi Ederren lehertu da jaia, donostiar eta bisitariz lepo zegoela.
Aurtengo omenduak
Easo abesbatza eta
Koruko Ama Birjinaren Eskola izan dira. Hain zuzen ere, bi elkarteek 75 urte bete baitituzte aurten. Beraz, aurtengo jaien hasieran, luxuzko abeslariek eta dantzariek bete dute udaletxearen aurrealdea. Omenduekin batera, udal ordezkariek ere abestu dute, eta tartean zen Eneko Goia alkatea.
Parte Zaharrean barrena aritu da Gastronomika elkarteko danborrada, orduerdi inguruz, Alderdi Ederrera iritsi aurretik, txistulariekin eta bandarekin batera. Txistulariak gidatzeaz, Onintza Mokoroa arduratu da, Luisen alaba. Zintzo zintzo ibili dira guztiak ere, eta behin jaiei hasiera eman ostean, berriro ere hiriko kaleetan barrena joan dira, kaleak alaituz.
Abesbatza txiki batetik jaio ziren biak
Easo abesbatza koro bakar batekin hasi zen, baina egun, bederatzi korok osatzen dute, eta zortzi urterekin hasten dira abeslari gazteenak. Koruko Ama Birjinaren Eskola ere, abesbatza moduan jaio zen, baina gerora dantza taldea ere gehitu zitzaion. Historia guztiaren berri eman zion Tomas Ugaldebere Eskolako presidenteak IRUTXULOKO HITZAri,
joan den urtarrilean egindako elkarrizketan. Aste Nagusiaren barnean, Eskola beste bi jardueretan parte hartzekoa da, Konstituzio plazan: gaur bertan, 20:30ean, txistularien kontzertu nagusian; eta bihar, 19:30ean, 200 lagun baino gehiago bilduko dituen ikuskizun berezi bat eskainiz.