500 litro merengerekin gerratea egin dute plazan, Aste Nagusiaren barruan.
Haur eta helduek primeran pasa dute Sagueseko merenge gerran. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Laugarren merenge gerra egin dute gaur
Saguesen, eta haur zein helduek primeran pasa dute. Barrenetxe gozotegiak 500 litro merenge prestatu ditu, parte hartzaileek elkar zuritzen ederki pasa zezaten; batzuek elur papin baten antzera amaitu duten arren, parte hartzailerik garbienak saritu dituzte.
Delta taldeak antolatu du merenge gerra, eta Barrenetxeko jabe
Hector Barrenetxek zuzendutako epaimahaiak erabaki du gerlari garbiena zein izan den kategoria bakoitzean. Epaimahaikide izan dira ere gozotegiko hainbat langile, eta
Raquel Balencia modeloa ere.
Ohikoa denez,
hiru kategoriatan banatu dute guda. 6-10 urte bitarteko haurrak izan dira plazara ateratzen lehenak, uretako betaurreko eta guzti. Ondoren, 11-16 urte bitarteko gazteak atera dira, eta ez dute lehiakideekin gupidarik izan. Azkenik, 16 urtetik gorakoak lehiatu dira, eta kategoria horretan ere, epaimahaiak ez du lan erraza izan parte hartzailerik garbiena aukeratzeko. Irabazleek Barrenetxe gozotegiko pasta kaxa bana jaso dute. Dena den, merengeaz ez da inor libratu; fin-fin amaitu dute bertaratuteko kazetariek, ikusleek eta baita epaimahaikide eta antolatzaileek ere. Zorionez, dutxak jarri dituzte Saguesen, merengea gogortu baina lehen zuritasuna kentzeko.