Ahoan ura zutela abestu behar izan dute proba batean. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Ondo eta azkar egin behar izan dituzte euren lanak piratek, kuadrillen arteko jolasetan. Zenbakiz betetako taula batzuk marraztu dituzte lurrean, La Flamenka eta Lasta inguruan, eta kuadrillek banan bana dado erraldoia bota eta hainbat proba gainditu behar izan dituzte.
Panterak, Igelak, Xibaroak, Txalo bero bat, Matxa… kuadrillei izen bereziak jarri dizkiete piratek, eta oraindik ere xelebregoak izan dira gainditu behar izan dituzten probak. Atzerritar bat lortu eta Flamenkara eraman behar izan dute irrintzi bat botatzera; Pilar izeneko emakume bat aurkitu behar izan dute, bere izena zuen txartel bat erakutsiz; ahoa urez beteta abestu dute, gainontzekoek abestia asmatzen zuten bitartean; begiak estalita ezpainak margotu behar izan dizkiete lagunei edo yogurt goilarakada bat eman behar izan diete; ahoa kakaoz beteta telefono puskatuaren jolasa egin dute… barre algarak nagusi izan dira Parte Zaharrean barrena, eta horixe izan da garrantzitsuena, ongi pasatzea.