Ehunka lagunek zapaldu dute Miramarreko belardia
Musika Parkean programaren azken aurreko saioa egin zuten atzo, jazz eta swing erritmoan.
Tutti Frutti Jazz Project eta Ghost Number & His Tipsy Gypsies taldeak zuzenean aritu ziren Miramarreko belardia hartu zuten ehunka lagunen aurrean. Zuzeneko musika entzuteaz gain, swing musikaren erritmoan dantza egiteko aukera izan zuten Musika Parkean programaren zaleek. Izan ere, Ana Minguez dantzariak lindy hop-a dantzatzeko oinarrizko pausoak azaldu zizkien.
Musika Parkean programako azken-aurreko saioa izan zen atzokoa. 2015eko denboraldia apirilean hastekoa zen, baina eguraldi txarra dela eta, ekaina arte ezin izan zuten saiorik egin. Altzako Tomaseneko zelaian eta Ametzagainan programatutakoak, besteak beste, ezin izan dituzte egin. Egiako Parkean egin ahal izan zuten lehena, ekaina bukaeran. Uztailean ere ez zuten saiorik egin, eta abuztukoa ere astebetez atzeratu behar izan dute. Aurtengo azken saioa irailean egingo dute, Urgull mendian, baina aurrerago emango dituzte xehetasunak.
Aspaldiko partez, Musika Parkean programaren antolatzaileek eguraldi ona lagun izan zuten, eta Miramar jauregian saio ederra egin ahal izan zuten.