Kontxako Bandera, Sagardo eta Garagardo eguna, eta hainbat kultur jarduera antolatu dituzte irailaren 13a arte
Zureya Etxarrik diseinatu du Euskal Jaietako kartela (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Uda ez da amaitu, eta Donostiak egitarau oparoa dauka eskaintzeko oraindik.
Ostegun honetan hasiko dira Euskal Jaiak, eta astebeteko epean kirol, kultur eta aisialdi jarduera zabala antolatu dute,
irailaren 13a arte. Horrela, datozen bi asteburuetan
Kontxako Bandera lortzeko estropada lehiaketa egingo dute, eta baita ohiko
Sagardo Eguna ere; aurten, berritasun moduan,
Garagardo Eguna ere antolatu dute.
Turismoko zinegotzi
Alfonso Gurpegik aurkeztu ditu Euskal Jaiak, kartelaren disenatzaile
Zureya Etxarrirekin batera. Euskal Jaietako arropak aukeratu ditu Etxarrik kartelerako, jai aurreko prestaketa uneak gogora ekarri nahian: “Halako jai egunak iristear daudenean, arropak prestatu ohi ditugu, eta jantzi aurretik ondo pasatzeko asmoa dugu buruan; hori islatzen saiatu naiz”.
Gurpegik hainbat jarduera nabarmendu ditu, hala nola, estropadak, larunbateko
Sagardo Eguna eta
Toka Txapelketa, irailaren 10eko
Basque Beer Fest eta irailaren 13ko
Tanttaka taldearen Kreditua antzezlana: “Guztira 69 jarduera antolatu ditugu Euskal Jaietan, eta aurreko urteetan bezala, lokotx bilketa, euskudantza, poesia ordua, eta haurrentzako jarduerak egongo dira aste guztian zehar. Gainera, Aste Nagusian eguraldiaren ondorioz bertan behera utzitako
Txistularien alardea berreskuratuko dugu”.
Gurpegik gaineratu du Txomin Eneako uholdeen inguruko
Urak dakarrena dokumentala eskainiko dutela Euskal Jaietan.
Programa guztia irakurri daiteke
webgunean.
Estropada astea
Euskal Jaien jarduera nagusia dira estropadak, eta emakumeen zein gizonen
Kontxako Bandera lortzeko lehiatuko dira arraunlariak. Hala, ostegunean 17:30ean emakumeek sailkatze estropada egingo dute, eta 18:00etan gizonek. Igandea 6an berriz, 11:00etan lehiatuko dira emakumeak, eta 12:00etan gizonak. Hurrengo igandean, hilak 13, finala egingo dute, 11:00etan emakumeak eta 12:00etan gizonak.