Donostia Zinemaldiak azarotik aurrera egingo du lan gune berean, eta Donostia 2016k ere harreman estua izango du.
Irudian, Tabakaleraren “ekosistema kulturala” osatuko duten erakundeen ordezkariak. (Argazkia: Tabakalera)
Donostiako tabako fabrika izandakoak ateak zabalduko ditu berriz irailaren 11an,
Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentro bilakaturik. Eraikinaren
irekiera modu mailakatuan egingo da. Lehenik, Tabakalera proiektu kultural beraren parte diren zenbait espazio irekiko dira eta udazkenean zehar, eraikinean elkarrekin biziko diren gainontzeko proiektu eta ekimenak tokia hartzen joango dira.
37.000 metro kuadroko azalera duen eraikinak Tabakalera kultur proiektuaz gain, beste zenbait erakunde eta ekimen pribatu ere hartuko ditu, guztien artean Tabakaleraren “
ekosistema kulturala” osatuz. Donostia Zinemaldia, Etxepare Euskal Institutua, Zineuskadi, Euskadiko Filmategia, eta Kutxa Fundazioa izango dira ekosistema kulturala osatuko duten erakundeak. Komunitate sortzailea indartzea eta eragile eta hiritarren artean elkarlanerako eta harremanerako aukera guneak sortzea izango da helburua.
Elkar bizitza honek erakundeen arteko “elkarlana eta aberastasuna” ekarriko ditu. Donostia Zinemaldiak bere bulegoak eta bere jardueraren zati bat Tabakalerara ekarriko ditu. Tabakalerako pantailan Zinemaldiko sail finko bat proposatuko du (irailaren 18 eta 26a artean) eta proiektu batzuetan elkarlana indartuko du, adibidez, Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketa (EIECINE, irailaren 22tik 25era gauzatuko dena Zinemaldiaren testuinguruan). Bestalde, Tabakalerak eta Donostia Zinemaldiak, DSS2016rekin batera, IKUSMIRA BERRIAK programaren egonaldiak jarri dituzte abian, irailaren amaieran hasiko direnak.
Irailaren erdialdera,
Euskadiko Filmategiak egoitza berria izango du Tabakaleran. Bertan, filmak edo ikusentzunezko lanak ikertzen, berreskuratzen, artxibatzen, mantentzen, zaharberritzen eta erakustaldiak egiten jarraituko du. Kokapen berriari esker, Filmategiak Tabakalerako zineman programaziorako pantaila finko bat edukiko du, horrela ikuspenerako oso garrantzizkoa izango den pausoa emanez. Filmategiaren eta Zinemaldiaren ondoan, ikus-entzunezkoen eskaintza osatuko du Tabakalerak. Irailaren 12an estreinatuko dute zinema aretoa, Ivan Zulueta zinemagile donostiarraren (1943-2009)
Un, dos, tres, al escondite inglés (1969) filmaren emanaldiarekin.
Etxepare Euskal Institutuaren helburua euskara eta euskal kultura mundu osoan zabaltzea da, eta horretarako, arte-diziplina guztiak –literatura, antzerkia, dantza, zinema, musika, arte plastikoak, ikus-entzunezko arteak…– sustatzeko jarduerak eta programak bultzatzen ditu, nazioarteko erakunde eta elkarteekin elkarlanean. Tabakaleraren barruan egonda, euskal sorkuntza zabalduko du, joan-etorriko bidaia batean.
Kutxa Fundazioak urrian Kutxa kultur espazioa inauguratuko du, Gizarte ekintzaren kultura egoitza berria. Ia bere jarduera osoa eramango du Tabakalerara. Bulegoak eta biltegiak, Boulevard aretoko erakusketak, Kutxa Ikasgelak, Fototeka eta beste. Irailaren erdialdean hara aldatuko dituzte bulegoak, eta urrian Kutxa Fundazioaren arte bildumako 80 lanekin osatutako erakusketa zabalduko dute. XIX mendeko eta batez ere XX. mendeko eskulturak eta pinturak izango dira ikusgai, gehienak Euskal Herriko —eta batez ere Gipuzkoako— artisten obrak -900 metro kuadro ditu erakusketa areto berriak-.
Urte amaieran,
Zineuskadiren bulegoak eraikin berrira eramango dituzte. Zineuskadi kultura ohiturak sustatuz, ikus-entzunezko euskal sektorearen promoziorako plataforma publikoa da. Bertatik egitasmo hauek bultzatzen dira: Zinema euskaraz, Europa Creativa Desk Mediaren bulegoaren kudeaketa eta diru-laguntzak bai aretoei eta baita publizitate eta zinemaren promoziorako laguntzak ere.
Irailaren 11 ospatuko da Tabakaleraren ate-irekiera, 18:00etan, jai batekin. Aurretik, irailaren 9an, Tabakalerako lehen erakusketa aurkeztuko da, Ikus-entzunezkoaren aldiriak. Ingerada marrazten duten puntuak, Anna Manubensek eta Soledad Gutierrezek apailatua, eta Ibon Aranberri, Aimar Arriola, Itziar Barrio, Itziar Okariz, Alex Reynolds eta Iñaki Imaz artisten lanekin osatua, besteak beste. 2016an, Donostia Europako bi kultur hiriburuetako bat delarik, Tabakalera “funtzionamendu betean” izatea espero du Ane Rodriguez Tabakalerako zuzendariak.