Gipuzkoako 35 sagardogile bilduko dira larunbateko Sagardo Egunean
Sagarra Jo eta aurtengo lehen muztioa dastatzeko aukera izango da aurten, berritasun moduan.
Donostiako XXX. Sagardo eguna ospatuko da larunbat honetan, eta urtero bezala, 35 sagardogilek parte hartuko dute Konstituzio plazan goiz osoan egingo den jaialdian. Hala, 11:00etatik 14:15etara, Gipuzkoako sagardogileek 8.000 botila sagardo ekarriko dituzte hirira, bertaratzen direnek dastatzeko.
Eguraldi ona lagun, aurtengo sagarra gozoa eta ederra datorrela nabarmendu dute Gizpukoako Sagardogileen Elkarteko lehendakari Arantxa Eguskizak eta lehendakariorde Ibon Aburuzak. Jaialdia aurkeztu dute Festetako zinegotzi Alfonso Gurpegirekin batera.
Euskal Jaiei hasiera emango die Sagardo Egunak. Festaren gune nagusia izango den Konstituzio plazan, inguruko beste hainbat produktu eskainiko dituzte, sagardoarekin batera. Berritasunak ere egongo dira, izan ere, Sagarra Jo eta aurtengo lehen muztioa dastatzeko aukera eskainiko baitute. Eguskizaren esanetan, berezia izango da jarduera: “Sagardogintzak atzean duen lan eta kultura jendeari erakutsi nahi diogu, eta kontsumitzaileei aurtengo muzitoa dastatzeko aukera eman”.
Bestalde, sagar mota bakarrez egindako sagardoak dastatu ahal izango dira plazan, eta Gipuzkoako sagarren inguruan EHUk egin duen ikerketaren emaitzak erakutsiko dituzte. Josu Osa adituak sagarrondoen txertaketa erakusketak egingo ditu, eta Albaola faktoriak berriz, sagardoak itsasoan izan duen garrantziaz informazioa eskainiko du. Sagardoarekin batera, sagardotegietan ohikoak diren bakailao tortila, txorizo egosia eta gazta dastatzeko aukera ere izango da.
Gainera, Sagardogile Elkarteak Abaltsizketako Zalbide sagardotegiko Joxe Martin Zalbide eta Usurbilgo Aginaga sagardotegiko Miguel Joxe Errasti omenduko ditu plazako oholtzan, 12:45ean. Omenaldian Aitor Mendiluze eta Sebastian Lizaso bertsolariek parte hartuko dute.



