Donostia kaleratzerik gabeko eremu izendatzea eskatu dute
EH Bilduk Hirigintza zinegotzi delegatu Enrique Ramosi interpelazioa aurkeztuko dio.
Stop Kaleratzeak plataformak mozio kanpaina bat abiarazi du, Euskal Autonomia Erkidegoko udalbatza eta Batzar Nagusietan onar daitezen. Helburua udalerri eta herrialdeak etxebizitza kaleratzerik gabeko eremu izendatzea da. Kanpaina honen berri eman dute gaur goizean plataformako kideek, Bulebarrean. Bertan, sindikatu, jubilatuen elkarte eta beste talde batzuez gain, zenbait alderdi politikoen kideak ere izan dira, euren atxikimendua adierazteko: EH Bilduko Amaia Almirall, Ricardo Burutaran, Axier Jaka, Olaia Duarte eta Naiara Sampedro, PSE-EEko Ernesto Gasco, Duñike Agirrezabala eta Begoña Palos, eta Irabaziko Amaia Martin zinegotziak, besteak beste.
Azaldu dutenez, EAEko datuei dagokienez, 2015eko lehenengo seihilekoan kaleratze kopuruak gora egin du. Horregatik, krisi ekonomikoaren ondorioz maileguak ordaindu ezinean dabiltzan familiak eta euren berme emaileek babes neurri batzuk eskatu dizkiete erakundeei: erakundeek banketxeekin bitartekaritza lanak egiteko baliabideak abian jartzea, eta dagoeneko enkantean dauden etxebizitzak geldiaraztea. “Gainera, epaitegiei exekuzioen inguruan galdetzea, udaltzaingoari eta suhiltzaileei kaleratzeak bultzatzeko baimenik ez ematea, etxerik gabe geratzen direnei aterpea emateko etxebizitzak prest edukitzea, hutsik daudenen zerrenda egin, eta banketxeen aldetik erantzun egokirik jasotzen ez den kasuetan eurekin lan egiteari uztea”.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Kaleratzeak Stop eta IRPH Stop elkarteok Etxegabetzeak, Pobrezia eta Berdintasunik Ezaren Aurkako Oinarrizko Neurrien Dekalogo bat prestatu zuten martxoan. Dekalogoari atxiki dira EH BILDU, PSE-EE, PODEMOS, EZKER ANITZA, EQUO eta UPyD, gehiengo sindikala, erretiratuen plataformak eta beste gizarte eragile batzuk ere. “Gaur ezagutzera ematen ditugun mozioek dekalogoaren hamargarren puntua garatzen dute, udalerri eta herrialdeek euren burua kaleratzerik gabeko eremu izendatuz”.
Hortaz, “gizartearen eskakizun honi erantzuna emanez mozio hauek irailean eta urrian egingo diren osoko bilkuratan onartuak izango direla espero dugu, Dekalogoa sinatu duten alderdien babesarekin eta baita hau sinatu ez dutenenarekin ere, eta PNV eta PP alderdiez ari gara”.



