Kukutzako kantuaren erritmoan dantzan aritu diran hainbat gazte, jantzi koloretsuekin
Hainbat gazte mozorroturik sartu dira Donostia 2016ren bulegora. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Joan den ostiralean azaldu ziren hondeamakinak Groseko Kortxoenea gaztetxera, eraikina botatzeko asmoz. Baimenik ez zutela eta, ordea, eraistea bertan behera uztea lortu zuten, eta ordutik sekulako babes mugimendua sortu da Kortxoenearen alde. Gaur goizean, esaterako, mozorro koloretsuak hartu eta Easo kaleko Donostia 2016 Gunean sartu dira hainbat gazte, protesta alaia eginez. Bilboko Kukutza gaztetxearen alde Zea Mays taldeak egindako abestiaren erritmoan dantzan aritu dira gazteak, bulegoko langileen harridurarako. “Gaur sinbolikoki okupatu dugu kapitalaren Donostiak kultura merkantzia moduan saltzeko duen etiketa, eta produktu nagusienetako baten egoitza. Kultura ez da merkantzia! Gora Kortxoenea, kultura herritarra eta gune autogestionatuak”, aldarrikatu dute protestan banatu duten oharrean.
Gaztetxearen aldeko eskuorriak bota dituzte, eta okupazioaren aldeko banderak astindu dituzte. Azken batean, deia egin nahi izan dute, larunbatean, 17:30ean, egingo dute manifestaziorako. Bide batez, keinu bat egin diote Kukutzari, eta igandean Bilbon egingo dute manifestazioari. Behin abestia bukatu denean, lasai joan dira, etorri diren bidetik.
“Txikizioaren makinak Kortxoenean sartu, eta gure bizitza konpartituen espazioak eraisten hasi dira, husteko eta eraisteko baimenik eta zilegitasunik gabeko erasoa burutuz. Gaur, kaleratze agindurik gabeko eraistea geldirik dago. Baina, batek daki bihar zer gertatuko den, bai baitakigu, diruaren usainean, kapitalaren morroi den udal gobernuak beharrezkoak diren baimenak ahalik eta lasterren eman diezazkiela euren lagun espekulatzaileei”, dio oharrak.
Kortxoenea beste “bataila bat” dela diote,”atzo Bretxa eta S an Martineko merkatuak izan ziren moduan eta bihar arrantza portua, kirol kaia, metroa edota Txantxarreka izan daitezen saiatuko diren moduan”. Autogestioaren Donostiari espazioak desjabetu eta eraitsi nahi dizkioetela diote: “Kapitalaren Donostiaren alde ari zareten guztiei argi esaten dizuegu. Zuen espekulazioaren, turistifikazioaren eta kultura merkantilizatuaren aurrean, autogestioan, feminismoan, elkartasunean, eta askatasunean oinarritzen diren Donostia eraikitzen jarraituko dugu, eta horretarako, bat, bi, hiru eta hamaika Kortxoenea okupatu, berreskuratu eta defendatuko ditugu”.