Lehen Euskal Garagardo Festa hasiko da bihar Bulebarrean
Bertako zortzi garagardo artisau mota dastatzeko aukera izango da asteburu osoko jaialdian.
Euskal Jaien barruan, Euskal Herriko garagardo artisauaren lehenengo feria antolatu dute Donostian: bihar hasiko da Basque Beer Fest, Euskal
Garagardo Elkarteak antolatuako jaialdia, eta asteburu guztian zehar bertako zortzi garagardo artisau mota dastatzeko aukera izango da.
Lau egunetako festa antolatu dute garagardogileek, eta artisauki prestatutako edaria dastatzearekin batera, garagardoa etxean egiteko ikastaroak eskainiko dira, eta hainbat topaketa antolatuko dituzte ekoizleen artean.
Festetako zinegotzi Alfonso Gurpegik aurkeztu du jaialdia, Gar&Gar etxeko Javier Ortega eta Olañetako Pablo Olañetarekin batera. Merkatuan bultzada handia hartzen ari direla adierazi dute bi garagardogileek, eta dagoeneko 16 garagardo mota sortu direla azpimarratu dute: “Oso garrantzitsua da guretzat Basque Beer Fest hau antolatzea, gure produktua eta gure lan egiteko modua herritarrei ezagutarazteko aukera eskaintzen digulako; asteburuan bertaratzen direnek Euskal Herrian %100 egindako garagardo artisau motak ezagutuko dituzte, eta edaria ekoizteko beharreko tresneria, prozedura eta lehengaiak ezagutzeko aukera eskainiko dugu”.
Olañetaren esanetan, gero eta ohikoagoa da inguruko tabernetan kontsumitzaileek garagardo artisauak dastatzen ikustea: “Gure garagardoek ziurtatzen dute tokiko lehengaiekin ekoitzita izan direla, eta prozedurak
guztiz natural eta berezkoak direla; gaur egun, garagardo artisaua ekoizten duten zortzi etxe sartu dira Euskal Garagardo Elkartean, eta horretarako, beharrezkoa dute berezko fabrika izatea garagardoa egiteko eta, merkaturatu aurretik, Eusko Jaurlaritzak eskatzen dituen osasun erregistroak betetzea”.
Horrela, lehen Basque Beer Fest honetan hainbat tokitako garagardo artisauak dastatu ahal izango dira: Gipuzkoako Olañeta eta Gar & Gar, Bizkaiko Etxeandia, Boga eta Urbanbeer eta Arabako Baias, Olbea eta Byra. Bihar hasiko dute festa, 18:00etan. Ostiral goizean, garagardo artisauaren ekoizleek topaketa batean parte hartuko dute, beren garagardoak ezagutarazteko. Gauean berriz, Txertubi taldearen musikak alaituko du giroa karpan. Larunbat goizean, garagardoa egiteko produktuen merkatu bat zabalduko dute. Bertan, interesa duenak etxean garagardoa egiteko behar diren osagaiak erosteko aukera izango du, feriako lantegian ikasitakoa praktikan jarriz.
Larunbat arratsaldean, Joselontxo’s txarangak eta Deiedra taldeak musika eskainiko dute. Feria igandean amaituko da, gagagardo dastapenekin
Basque Beer Fest jaialdiko karpa Ugartemendia plazan jarriko dute, Bulebarreko musika kioskoaren ondoan. Egunero, 10:30etatik gauerdira arte, garagardoa dastatzeko aukera izango da. Guztiek prezio bera izango dute – tiketak erabiliko dira-: 2,5 eurotan kaña, eta 1,5 eurotan zuritoa. Bestalde, plastikozko edalontzi birziklagarriak erabiliko dira eta, horretarako, euro bateko fidantza utzi beharko da.



