Tabakalerak ateak zabaldu dizkie herritarrei
Eraikin berrituaren inaugurazioak jarduera ugari izango ditu asteburuan zehar.
Aste honetan zehar erakunde, komunikabide eta talde murriztuek ezagutu ostean, herritar guztien txanda heldu da. Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentro berriak ateak zabaldu ditu, eta 2011tik hutsik egon den espazioa bete dute herritarrek. Izan ere, gaur arratsaldean egin dute eraikin berrituaren irekiera publiko eta ofiziala. Inaugurazioak jarduera ugari izango ditu asteburu osoan zehar.
Pottors eta Klito musika taldearen kontzertuarekin hasi dute irekiera ekitaldia, Nestor Basterretxea plazan, Tabakalerako sarreretako batean. Ondoren, Ane Rodriguez Tabakalerako zuzendariak hartu du hitza. “Proiektu hau aurrera ateratzeko jende askoren inplikazioa izan dugu, eta horregatik eskerrak eman nahi dizkiet, baita azken hilabeteotan lanean burubelarri aritu diren guztiei”. Eraikina berritzeko lanak hasi zirenetik urteak igaro direla onartu duen arren, pozik daude emaitzarekin: “Sorkuntzara bideratutako espazio bat izango da, kultura eremu desberdinetara zabaltzeko”. Honela, bertaratu diren milaka pertsonei eraikinean sartzeko gonbitea egin die Rodriguezek, “bere osotasunean ezagutzeko eta gozatzeko”.
Tabako fabrika izan zen garaian, bertako langile asko emakumeak ziren. Bada, emakume horietako batzuekin proiektu bat aurkeztu dute, eta horiek izan dira gaurko protagonistak. Izan ere, ateak 18:30ak aldera zabaldu dituztenean, emakume langile ohi horiek sartu dira lehenengo eraikinean.
4. eta 5. solairuen arrakasta
Beste herritar guztiak euren atzetik sartu dira, eta solairuz solairu ibili dira, Tabakalerak eskainiko dituen espazio guztiak ezagutzeko asmoz. Une batean, ilara luzeak sortu dira; bereziki, 4. eta 5. solairuetara joateko. Horietan, hiriaren irudi ederrak ikusi daitezke, eta ikusleek ez zuten aukera galdu nahi. Bitartean, performanceak eskaini dituzte eraikineko espazio desberdinetan, musika emanaldiak egon dira, erakusketak, ibilbideak, lantegiak eta proiektuak, besteak beste. Festa 21:00etan hasi da musikaren erritmoan, Chico Tropico eta Amy Plin-ekin.
Larunbatean, 19:00etan, zinema aretoa irekiko dute. Ivan Zulueta donostiarraren Un, dos, tres, al escondite ingles (1969) filma emango dute (emanaldian sartu ahal izateko aldez aurretik izena eman behar da Tabakaleraren webgunean). Egun osoan zehar tailerrak, performanceak eta bisita gidatuak egingo dituzte eraikinean. Igandean, 17:00etatik 19:00etara, haur eta familientzako askotariko tailerrak egingo dituzte: arkitektura, gorputza eta mugimendua eta Tabakalerako irudiekin lotutakoak. Eta 11:00etan familientzat goizeko zinema saioa egingo dute. Arratsaldean, 19:00etan, ustekabeko film bat proiektatuko dute. Alex Mendizabal artista donostiarraren soinu instalazio bat ere izango da ikusgai.