Bazkideei zirrara sentitzeko aukera eman nahi die RETAbet.es Gipuzkoa Basketek
Gaur zabaldu dute bazkide izateko epea; iazko prezioak mantenduko dituzte.
Zirrara sentitu nahi? Egin apustu. Hona hemen erronka #abonatuGBC. Halaxe dio RETAbet.es Gipuzkoa Basketen bazkide kanpainaren esaldiak. Horrekin batera, saskibaloiak sorrarazten dituen sentipenak islatu nahi izan dituzte, errusiar mendi baten zirrararekin konparatuz. “Saskibaloia dibertigarria da, partidaren emaitza une oro aldatu egiten da; eta, errusiar mendi batek ere sentipen horiek sorrarazten ditu”, azaldu du kanpainako arduradun Angel Manterolak, Nekane Arzallus klubeko presidentearekin batera, Illunben egin duten aurkezpenean.
Arzallusek adierazi duenez, aurtengo bazkide kanpaina oso erronka garrantzitsua izan da beraientzat, eta emozioz eta ilusioz beteriko denboraldia izango dela ziurtatu du. “Bazkideak berriro erakarri nahi ditugu, beraiengan sentipen berri bat jaiotzea: ondo pasatzea eta gozatzea”. Bada, helburu handizalea ezarri dute, eta 7000 bazkide lortzen saiatuko dira (egun, 4500 bazkide dituzte). Horretarako, kanpaina abian jarri dute, komunikazio estrategikoa lantzen duen Bostnan enpresaren laguntzarekin.
Bostnaneko Angel Manterolak azaldu du bazkideen eserlekuari balioa ematea izan dela xede nagusia. “Ikuslearen eserleku horrek balio handia dauka, eta horixe irudi ulerterraz batekin islatu nahi izan dugu, begi kolpe bat emanda ulertuko zena”. Hortaz, errusiar mendiaren eserlekuaren irudiaren ekarketarekin lortu dute sentipen horiek helaraztea. Gainera, apustuaren ideiarekin babesle berriari, RETAbet.es-i, eskertza keinu bat egin nahi izan diete. Bideoarekin ere mezu berdina islatu dute.