Bularreko Minbiziaren Nazioarteko egunarekin bat egingo du 15 km lasterketak
Katxalin elkarteari babesa emateko 5,5 kilometroko ibilbide osagarri bat egingo dute
Urriaren 18an, futbola eta saskibaloiarekin batera atletismoak hartuko du indarra hirian. Izan ere, igande horretan egingo dute Donostiako 15 kilometroko lasterketa, eta azken urteetako ohiturari jarraituz, lasterketak bat egingo du minbiziaren aurkako borrokarekin.
Izan ere, lasterketa nagusiaren osagarri gisa 5,5 kilometroko elkartasun lasterketa bat antolatu dute Katxalin elkartearen alde. Gipuzkoako bularreko eta ginekologiako minbiziagatik kaltetutako emakumeen elkartea da Katxalin, eta kirolak eta elkartasunak sarritan bat egiten dutela aldarrikatu dute gaur prentsaurrean.
5,5 km Katxalin lasterketa 9:45ean abiatuko da Madril hiribidetik eta Urumea ibaitik Erdialderuntz joango dira korrikalariak. Itzuli eta Anoetan amaituko dute. Parte hartzea errazteko, nahi duenak oinez ere egin ahal izango du ibilbidea. Hala adierazi du Txaro Beobide, Katxalin elkarteko lehendakariak: “zahar eta gazte, emakume zein gizon, Gipuzkoa osoak parte hartzea espero dugu”. Aitziber San Roman, Gizarte Ekintzako zinegotziak ere, iaz bezala, lasterketan parte hartzeko asmoa erakutsi du.
Ondoren, festa giroa izango da nagusi Anoeta inguruan, eta xingola arrosa erraldoi bat osatuko dute. Minbiziaren nazioarteko egunarekin bat eginez, arrosa izango da ibilbideko kolore nagusia. Izan ere, Katxalin lasterketan edo martxan parte hartzen duten guztiei kamiseta arrosa bat oparituko diete.
15 kilometroko lasterketa toki beretik irtengo da, baina 10:15ean, eta Zurriola, Parte Zaharra, Kontxa, Antigua eta Igaratik igaroko da. Patinatzaileak 10:00etan eta elbarriak 10:10ean aterako dira.
Izen ematea Kirol probak webgunearen bitartez egin daiteke, Urbieta kaleko Robers dendan eta baita Azpeitiako Olatz plazako kirol dendan ere. Antolatzaileek kirolari, ordezkari politiko, osasun arloko profesional eta beste hainbat arlotako pertsonen aldetik jaso duten babesa eskertu dute, eta lasterketan parte hartzeko gonbita luzatu dute; 9.000 parte hartzaileren muga zeharkatzea dute helburu.