Kortxoeneako kideak alkatearekin biltzeko prest daude
Gazte talde bat udaletxera joan da goizean bilera bat eskatzeko.
Kortxoeneako auzia dela eta, Eneko Goia alkateak bertako kideekin hitz egiteko prestutasuna agertu zuen atzo prentsaurrean. Beste jarduera kultural batzuekin egiten den bezalaxe, “udal baliabideak Kortxoeneako proiektu kulturalari eskaintzeko prest” daudela adierazi zuen Goiak.
Adierazpen horien ondotik, Kortxoenea gaztetxeko hainbat kide udaletxean izan dira gaur alkatearekin bilera bat eskatzeko. Gazteen esanetan, aste honetarako behintzat ez dute hitzordurik lortu. Dena dela, itxaroteko prest agertu dira, “alkatearen borondatea norainokoa den ikusteko”. Entzuteko eta hitz egiteko prest daude, baina gaiaren “larritasuna” azpimarratu dute.
Bitartean, aurreikusitako jarduerekin jarraituko dutela aurreratu dute. Gaur, esaterako, Anari eta Mmatarrak ariko dira zuzenean, 19:30ean.