Udal gobernuak informazio eskubidea urratzen duela salatu du EH Bilduk
300 eskaera erantzunik gabe geratu dira.
Udal gobernua Udalbatzako zinegotziek duten informazio eskubidea “larriki murrizten eta trabatzen” ari dela salatu du Axier Jaka, EH Bilduko zinegotziak. Egoera publikoki salatu nahi dutela adierazi du, gaiaren larritasuna agerian uzteko.
Jakaren arabera, 300 informazio eskaera erantzun gabe utzi dituzte; horietatik 200 dira Bildurenak. Udalbatzaren eraudiaren arabera, Udalbatzako zinegotziek Administrazioko edozein txosten eskatzeko eskubidea dute, eta udal gobernuak 10 eguneko epea luke eskaera horiei erantzuteko. Jakaren arabera, ordea, udal gobernuak ez du araudia errespetatzen, eta areago, “badakigu kasu batzuetan nahita oztopatzen dutela prozesua, informazioa ukatzeko aginduak emanez”.
Zinegotzi abertzalearen esanetan egoera “oso larria” da, eta horregatik mozio bat aurkeztuko dute iraileko udalbatzarrean alkateari argibideak eskatuz. “Gure ustez jarrera honek lotsa eman behar lioke ardatzetako bat gardentasuna izango zela esan zuen alkate bati”, esan du Jakak, eta EAJ eta PSE-EEren politika eredua “bunker bat” bihurtzen ari dela gaineratu du.
Ez da Bilduk udal gobernuaren gardentasun falta salatzen duen lehen aldia. Josu Ruizek antzeko adierazpenak egin zituen atzo batzordeetako dinamikari erreferentzia eginez.