'Obaba' estreinatu zuten duela 10 urteko Zinemaldiaren inaugurazioan
Montxo Armendarizek Bernardo Atxagaren eleberriaren gainean egindako filmak harrera ona izan zuen.
Duela 10 urte, Montxo Armendarizen ‘Obaba’ filmak inauguratu zuen 53. Donostia Zinemaldia. Inaugurazio ekitaldian proiektatu zuten, eta bertan parte hartu zuen filmaren lan taldeak. Montxo Armendariz zuzendaria, Bernardo Atxaga idazlea, Juan Diego Botto, Barbara Lennie eta Pilar Lopez de Ayala aktoreak izan ziren aurkezpenean, besteak beste.
Armendarizen egokitzapenak harrera ona izan zuen Donostian. Oscar sarietan izateko hautagai izan zen ondoren, Espainiako Zinema Akademiak hala erabakita. Bernardo Atxaga idazleari ere gustatu zitzaion Armendarizen interpretazio librea: “Werfell ingeniariarena da gehien maite dudan istorioa. Irakaslea ere oso fin erretrataturik dago. Pertsonaiak, gainera, kutsu biografikoa du. Ama irakasle izan nuelako Pirinioetako herrixka batean. Horrez gain,muskerra da lekuaren ikur. Obabaren arroztasuna muskerraren arroztasuna baita. Bakardadea
eta maitasun eza bezalako gaiak oso agerikoak diren arren, arroztasuna da gai nagusia. Pertsonaia guztiak arrotzak dira Obaban. Ingeniari alemaniarra, irakaslea… baita filmeko protagonista ere. Beste mundu batzuetatik datoz”, esan zuen Atxagak Irutxuloko Hitzako Iñaki Lazkano kazetariak egindako elkarrizketa batean.

