Gune gatazkatsutzat jo ditu Bretxa eta Kursaal zubia; bidegorria oinezkoen bidetik aldentzea proposatu du.
Gune jendetsuenetan sortzen diren arazoak saihestu nahi ditu Kalapiek. Irudian, Bretxa. (Argazkia: Kalapie)
Hiriko gunerik jendetsuenetakoak dira:
Bretxa,
Bulebarra,
Kursaal zubia,
Zurriola hiribidea… Eta espazio hauek txirrindulari eta oinezkoek partekatu behar dituzte, Bulebarretik Zurriola hiribideraino doan bidegorria espaloiaren paraleloan doalako.
Kalapie txirrindularien elkartearen ustez, oinezko eta txirrindularien artean arazoak sortzen dira gune hauetan.
Jende pilaketak direla eta, Kursaal zubiko espaloia txiki geratzen da oinezkoentzako, eta askotan bidegorritik joan ohi dira. Gainera, bidegorria zebrabide jendetsuenekin gurutzatzen da, eta arazoak sortzen dira.
Donostia Zinemaldiaren harira azken bi urteetan jarri duten behin behineko bidegorria -Kursaal eraikinaren inguruko pilaketak saihesteko- ontzat eman du Kalapiek, baina behin betiko konponbide bat eskatu du.
Irtenbide bat bilatzea beharrezkoa dela adierazi du elkarteak, eta udaleko mugikortasun sailari proposamen bat egin dio. Oinezko eta txirrindularien arteko gaztazkak saihesteko,
bidegorria oinezkoen bidetik aldentzeko ideia aztertzeko galdegin dio: “behin betiko bidegorri zuzen bat egitea aproposa dela uste dugu. Bulebarretik datorren bidea Zurriolako Ramon y Cajal bidegurutzeraino iritsiko litzateke, zuzen eta oinezkoen bidetik kanpo”. Alternatiba hau aurrera eramatea posible dela uste du elkarteak.
Kalapiek jakinarazi du
bidegorri honen inguruko kezka nabari dela txirrindulari eta herritarren artean, eta elkartean mezu asko aso dituztela Bretxa eta Kursaaleko bidegorrian konponbide bat bilatzeko.