Bost talde ariko dira zuzenean, Usandizaga Institutuaren ondoko parkean; 'Garajetarrak' programaren barruko ekitaldia izango da.
Zenbat talde ari dira lokaletan eta garajeetan musika entseatzen? Aukerarik ba al dute publikoaren aurrean jotzeko?
Amara Berrin hainbat eragile eta herritar elkarlanean ari dira kultur alorrean itzalean ari diren hainbat gazteren lana plazaratzeko.
Garajetarrak izena du elkarlan honen emaitzak, eta larunbata honetan hasiko da abiada hartzen.
Musika talde gazteen lana jendaurrean erakusteaz gain, euskararen erabilera eta presentzia sustatu nahi dute jarduera honen bidez.
Ernest Lluch kultur etxeak eta
Amara Berriko Euskara Batzordearen ekimenez, kontzertuak egingo dituzte larunbatean, euskarazko musika taldeekin. Amara Berrin ez ezik, hiriko beste zenbait auzotako garaje eta lokaletan talde asko dagoenez, programa hau auzo gehiagotara zabaltzeko aukera aztertuko dutela adierazi dute. Normalean, gazte hauek garajeetan eta errentan hartutako lokaletan entseatzen dute, eta aukera gutxi izaten dute plaza publiko batean jotzeko, horrek bitarteko eta baliabide ugari eskatzen baititu.
Bost talde ariko dira larunbatean, hilaren 26an, Usandizaga Institutuaren aurrean, 18:00etatik 22:00etara.
2CrazeBeats DJ,
Parasitoak (rapa),
Zarata (bluesa eta rocka),
Jamal Mufasa & Cipher1 (rapa) eta
Ezustean. Talde bakoitzak 40 minutu inguru izango ditu bere abestiak jotzeko. Askorentzat lehen kontzertua izango da.